Astelehenean, Udaleko balkoian Lasarte-Oriako banderaren igoera egin zen herriko ereserkia entzuten zen bitartean. Horren ostean, EPA-HHI Lan eta Lan antzerki taldeko lagunek, Lasarte-Usurbil institutuko eta Landaberri BHIko gazteek eta Zentro Zibikoko emakumeek urteurrenari buruz egindako olerki eta lanak irakurri zituzten.
Ausencias liburua
Urteurrenaren egunean, astearte goizeko meza eta ekitaldi ofizialaz gain, arratsaldean Jesus Zaballos alkateak herrian izandako terrorismoaren biktimen oroimenez, Ausencias liburua aurkeztu zuen.
Lasarte-Oriako gobernu batzarreko kideak eta alderdi desberdinetako zinegotziak, hainbat politiko, Javier Rojo Senatuko lehendakaria, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuak, Arantza Quiroga Euskal Legebiltzarreko lehendakaria, Rafaela Romero Gipuzkoako Batzar Nagusietako lehendakaria, Edurne Egaña Foru aldundiko lehendakaritzako ahalduna, Gobernu zentraleko eta Eusko Gobernuko biktimen bulegoko zuzendariak, Jose Manuel Rodriguez Uribes eta Maixabel Lasa edo Maite Pagazaurtundua biktimen elkarteko lehendakaria eta herritar ugari bildu ziren Udal Batzar aretoan aurkezpenerako.
Biktimen senideak eta haien hitzak, etorri ziren politikoen ahotsetan, izan ziren protagonista.
Kultur ekintzak nagusi
Asteazkenean, Lasarte-Oriaren sorrerako hitzaldia eskaini zuen Jose Manuel Centenok.
Atzo, Udal Musika eta Dantza eskolako haur eta gaztetxoek emanaldia aparta eskaini zuten. Honen aurretik, Lasarte-Oria oroimenez, irudi eta argazki zaharrez osatutako, film laburra ikusi zen. Jarraian, El Mundo Laboral de Lasarte-Oria liburua aurkeztu zuen Antxon Agirre Sorondok.
Horretaz gain, areto futboleko derbia ISU Leihoak - Aldaz ikusi zen kiroldegian.
Eta asteburua ere ekintzez betea dator, hauei buruz jakiteko, begiratu 7. orrialdeko agenda.
25. urteurreneko ekitaldien argazki gehiago ikusteko, www.txintxarri.info