Duela 18 urte bere jaioterria utzi eta bere senarrarekin bere alaba Juana Carballo Vegasen etxera etorri zen bizitzera, Lasarte-Oriara hain zuzen ere.
Astelehenean, bere urtebetetzea ospatu zuen familia eta lagunen artean. Jesus Zaballos alkatea eta Ramon Uribe-Etxeberria apaiza ere zoriontzera hurbildu ziren.
Integrazio azkarra
Adinekoa zenean iritsi zen Lorenza senarrarekin Lasarte-Oriara "energiaz ondo bazeuden ere, helduak ikusten nituen El Saugon bakarrik bizitzeko eta horregatik nirekin ekarri nituen" azaltzen digu bere alabak.
Azkar integratu ziren herrian "asko ateratzen ziren eta nire egunerokotasunean asko lagundu zidaten" gaineratzen du. Bere senarra hil zenean, duela 11 urte "ez zuen energiarik galdu. Erosketak egiten zituen eta jubilatuen etxean denbora ugari pasatzen zuen".
Egun oraindik ere burua argi daukala dio alabak, baina kalera gutxitan ateratzen dela, hala ere "zoriontsu bizi da bisitan etortzen diren lagunekin".
Lagun ugari
Astelehenean, Lorenzaren 100 urtebetetze ospakizunetan lagunez bete zen Juanaren etxea eta guztiek gauza bera nabarmentzen zuten Lorenzari buruz, "oso langilea, txintxoa eta jatorra izan da eta izaten jarraitzen du".
Herrian ezaguna izan da bizitasunagatik, baita bizilagunen artean ere.
Kontent zeuden Lorenzarekin bere 100 urtebetetzea ospatu ahal izatearekin "bizitasun handiko emakumea da, gainera duenarekin konformatzen da, eta hori oso garrantzitsua da" dio Rosarito bere bizilagunak.
Gainera "umila izan da eta familiakoei laguntzeko prest egon da beti, eta hori baloratzekoa da" Maritxu bizilagunaren iritziz.
Lasarte-Oria eta El Saugo
Lasarte-Orian ondo eta azkar integratu zen "bere izaerak asko lagundu zuen horretan, maitagarria da oso" dio Mari Jose bizilagunak.
Baina Lorenzak ez du inoiz bere jaioterria El Saugo ahaztu, bertan igaro baitu bere bizitzako urte garrantzitsuenak, eta horregatik al duenean bisitan doa.
Aurrera jarraituz
Etxea jendez bete zen Lorenzaren 100 urtebetetzea ospatzeko "oso ondo pasa dugu, eta espero dugu urte askoz ospatu ahal izatea" azaldu zigun bere alabak.
Lasarte-Oriak 25 urte
Herriak mende laurdena betetzen duen honetan Lasarte-Oriaren eboluzioari buruz hitz egitea ezinbestekoa dugu "egun obrak leihotik ikusten baditut ere herria asko eboluzionatzen ari dela esan dezaket, asko aldatu da etorri nintzenetik" dio Lorenzak.