Lasarte-Oriako industria ikertu du azken urteotan Antxon Aguirre Sorondo etnologo, antropologo eta historialari donostiarra eta “Lasarte-Oriako lan mundua” liburua aurkeztu zuen ostegun iluntzean leporaino bete zen Kultur Etxeko hitzaldi aretoan. Liburuan industria, fabrika eta langileekin lotutako hainbat konturen errepaso zabala egiten da eta bi gauza nabarmendu zituen Agirre Sorondok: Ehungintzan eta metalgintzan aitzindariak izan zirela eta lasarteoriatarrak oso garbiak zirela, Europako lehen garbigailuak hemen egin zirelako eta jostunek lan asko izaten zutelako emakumeen barruko arropak konpontzen.
Oina Lasarte-Oriaren lan munduko aurrekariak ikertu eta gero konturatu da Antxon Agirre, bazela herri bat aspalditik.
Euskal Herriko historia eta Kulturaren ikertzaile eta dibulgatzaile ezagunenetarikoa da. Denetarik egin du, aldizkarietan artikuluak idatzi, hitzaldiak eman eta 30 liburu baino gehiago argitaratu ditu Eusko Ikaskuntzako kideak, horietako batzuek Lasarte-Oriari buruzkoak, “Lasarte-Oria: hogei urte eta hainbat mende” eta Oria: bizitzako erkidegoa, laneko eremua”. Ostegunean azkena aurkeztu zuen, herriko lan munduari buruzkoa, eta aurkezpena liburuari eta herriko kontu ezberdinei buruzko hitzaldi interesgarri eta mardula bihurtu zen.
Antxon Agirre Sorondok liburuan jorratu zituen atal desberdinen errepasoa egin zuen ordu erdi iraun zuen hitzaldian eta bi kontu nabarmendu zituen, batetik industrian aitzindari izan zela Lasarte-Oria eta bestetik, gerra ostean emakume asko zirela jostun lanean, bereziki barruko arropak egiten eta konpontzen eta garai berean ontzi garbigailuak egiten zituztela errementariek enkarguz.
Gustura izan ziren Kultur Etxean ikusleak Antxon Agirre Sorondoren azalpenak entzuten, lehen lerroan Jesus Maria Zaballos alkatea, liburua begiratu eta begiratu, Iñaki Mugica alkateordea, Sebastian Kerejeta eta Jesus Mari Egizabal. Azken bi hauei eskaini die autoreak liburua berau egiteko emandako laguntza eta egindako ahaleginarengatik. Izan ere, 200 orrialdetik gora dituen liburu mardula da, argazki zahar ederrez osatu eta borobildua. Amaieran hitzaldian egon zirenei liburu bana eman zitzaien.
Antxon Agirre berak Lasarte-Oriarako egin dituen liburuen artetik onena dela esan zuen “zalantzarik gabe arrazoi bategatik. Besteak Lasarte-Oriako istorioak ziren, baina liburu hau egiterakoan konturatu naiz Lasarte-Oria bazela 1986ko otsailaren 15a baino lehen”. “Gipuzkoako ekonomiaren parte inportantea zen gainera”, gehitu zuen.
Lasarte-Oriaren azalpen orokorra eman eta demografikoki aztertu eta gero, lehenengo lantegiei buruzko kapitulua dator: “bi lehenengoak, 1384ko burdinolak eta ondoko errota, eta 1845 inguruko hazkundea: Brunet familiakoak jada lurrak erosten hasi ziren eta 1848an produzitzen, Fosseyko galdategi edo fundizioa eta Goiko errota jarri ziren guztiak urte berean; Flanch-en galdategia 1868an, Mujika teila fabrika 1887an, eta Usabiagarren izotz fabrika 1894an. Hauek guztiak 1.900 aurrekoak.
Ondoren, XX. mendean 1900 urtetik gaur egunera arte Lasarte-Orian zabaldu ziren 27 fabrika inportanteak datoz liburuan; Michelin, zerrategiak, tailerrak,... banan banan aztertu ditu. Egun dagoena aipatu eta gero, ofizio ezberdinen ezaugarriak aztertu ditu Agirre Sorondok. Arotz, errementari, auto eta bizikleta konpontzaile, igeltsero, alpargatagile, zapatari, jostun eta sastre, ile-apaintzaile eta bizar-moztaile, modista, txokolategile, saskigile,... gero lantegietako hainbat arlo ere aztertu ditu, besteak beste, fabrikatan zeuden maila ezberdinak langile, arduradun, nagusi,... lan ordutegiak, hasieran 12 ordu egiten zituztela eta nola jaitsi ziren lehenengo 10era eta gero 8ra, nongoak ziren langileak, lehenengo soldatak, gabon egunetako opariak, atseden eta oporrak, lan, baja edota erretiroak, segurtasuna, grebak, langileen arropa eta oinetakoak, txapel eta sonbreiruak, eta beste hainbat kontu. Elikadura, dendak, ostatuak, mediku, farmazia, eskolak, eta eliza, ospakizunak, ezkontza eta hiletak, kirolak, ... baina garrantzia eman zion autoreak etxebizitzen atalari.
Batetik Lasarte-Oriako 12 baserriak eta beraien egitura aztertu ditu, eta bestetik langileen etxeak, hauek ere bitan banatuz, Lasartekoak eta Brunetekoak,
Hauetako komunak eta etxeko tresnen inguruan ere hainbat berezitasun kontatu zituen: 1940an ba omen ziren denbora librean garbigailuak asmatzen zituzten artisau batzuek. Hain juxtu urte horietan hasi ziren zabaltzen AEBko etxeetan baina Europan, 1939-45 artean gerra izan zenez ez zeuden garbigailuetarako. Lasarte-Orian aldiz bai: Fernando Ollokiegi eta Nemesio Noguesek Añorgan enkarguz egin eta saltzen zituzten. Beste batek, Antonio Arozenak, bere garbigailua patentatu ere egin zuen “Garbikin” izenarekin. Gerora 1960 inguruan zabaldu zen garbigailuen erabilera eta bere produkzio industriala. Gipuzkoako herririk garbiena dela aipatu zuen Agirre Sorondok ikusleen barrea eraginez eta beste argudio bat emanaz.
Bi gogoeta egin zituen hain juxtu. Batetik jostun eta modisten garrantzia nabarmendu zuen, Brunet tela fabrika hemen zegoenez, tela saltzaile eta tela dena asko ere baziren herrian. “Hala ere kuriosoa da jostunena”. 1924an jada baziren jostunak bakarrik edo laguntzaileekin barruko arropak egiten zituztenak eta batzuen izenak aipatzen dira liburuan. 1944an Rafaela Cerrajeria alargunak ba omen zuen josteko makina eta bere ustez, Gipuzkoako historian ez da horrelakorik. Honek urtean 750 barruko arropa konpontzen omen zituen, egunean bi. Antxon Agirre harritu egin du emakumeen barruko arroparen garrantziak, “ez dakit, luzitzea gustatzen zitzaien ala zen beste zerbait zen, baina 750 konpontzen zituen urtean eta ez zen hainbeste emakume herrian. Ia egunero aldatuko zuten barruko arropa. Itzela da baina ez dut oraindik erabat argitu”.
Azpimarratu zuen beste kontua XIX. mende erdian Gipuzkoan fabrikak irekitzen aitzindariak izan zirela Lasarte-Orian. Lehen tela fabrika 1840an zabaldu zen Azkoitian, eta Lasarten Brunet 1945ean, beste herri batzuetan baino lehenago. Berdina gertatu zen metal arloan, lehen labe garaia, Fossey 1848an zabaldu zen beste toki askotan baino lehenago. “Beraz garai hartako bi jarduera garrantzitsuenetan, lantegi aitzindariak ziren Lasarte-Orian. Zergatik?1760, 1830 artean, Ingalaterratik industria zabaldu zen Europan zehar. Garraioa hobetu zen, auto eta trenari esker, bideak egin ziren, ontziak hobetu eta gainera inbertitzeko prest zeuden dirudunak ere baziren. Gipuzkoan Foru hitzarmenei esker Gipuzkoan zerga gutxiago ordaintzen zen eta 1875ean forua kendu zenetik aurrera ere merkeagoa zen hemen enpresak jartzea.
Eta oztopoak oztopo agintariak erraztasunak ematen hasi ziren industriak irekitzeko: lehen gerrate karlistari amaiera eman zion Bergarako hitzarmenaren ondorio ziren lege zaharrek debekatu egiten zuten industria mugatik 6 miliatara, 11 kilometro pasara, jartzea. Kostaldea ere muga gisa hartzen zenez, Lasarte-Orian ez zen jartzerik. Orduan Mandasko dukearen bidez helegite bat egin zen horregatik. Gerora, agintariek legediarekin ez ikusiarena egiten zuten industriak jartzearen garrantziaz jabetu zirelako. Gainera 1839an zabaldu zen Andoainera bidea. Lehen Orian amaitzen zen, eta horri esker Brunet-ek trenbidera edo Madril aldera produktuak eramatea erraztu zuen. Kataluniatik Kopons herritik etorri ziren hauek.