Maitasun adierazpen saria jaso du Katxiporretak

itxaso-moreno 2011ko otsailaren 21a

Aspanogi, minbizia duten haurren gurasoen elkartea, 2002an sortu zen gaixotasun hau pairatu behar duten familiei laguntzeko asmoz. Azalpenak, esperientzia, errealitate berrian burua kokatzea eta gehienbat babesa eskaintzea dute helburu. Minbiziarekin ez da bizitza amaitzen, eta jarraitzen duela erakutsi nahi dute. Uste okerrak, tabuak, beldurrak uxatzen dituzte, labore sozial garrantzitsua eginez. Elkarte honek Katxiporreta pailazo taldearekin izan dute elkartasun harremana azaleratu nahi izan du. Otsailaren 14an, Minbiziadun Haurren Nazioarteko Egunari aurre hartuz, Txara I eraikinean omenaldi hunkigarria egin zieten.

Lurraren, naturaren garrantzia, haur langileen egoera, etorkinen gaia, kulturen aniztasuna, ekologia, minbizia... gai ugari landu dituzte Katxiporreta taldekoek aurrera eramaten dituzten saioetan. Minbizia eta ume gaixoen inguruan burutu duten lan sozialagatik Aspanogi elkarteak omendu egin zituen “baina guretzako sari hau maitasun adierazpena da eta saria bera Aspanogi elkartearekin dugun harremana da” diote taldekideak.
Joxe Mari Agirretxe, Alex Tetuan, Aiora Zulaika, Mertxe Rodriguez, Isa Fdez. Agirre eta Amaia Tejeria dira Katxiporreta barruan dauden lasarteoriatarrak eta Aspanogirekin beste taldekideekin batera, harreman estua izan dutenak.

Elkarlana

Urte asko dira pailazoak eta Aspanogi elkar lanean dabiltzala “haiek gu baino hobeto damazkite kontuak eta 2002. urtean hasi ginela diote”. Elkarteak antolatutako ekitaldi batera joan ziren euren saioa eskaintzera eta harez geroztik “harreman estua sortu da eta urtero saioa antolatzen dugu”.
Baina pailazo talde honen kontzientzia soziala aspaldi jaio zen, “duela 20 urte herriko neskatxa bat minbizia zuela bisitan joan ginen eta hortik aurrera jarraitu dugu”. Esperientzia gogorra izan zen hasieran “umeak entubatuak ikusten dituzunean, shock moduko batean gelditzen zara, baina mundu hori ezagutzean tuboetatik haratago begira jarri eta umea aurkitzen duzu”. Oso garrantzitsua da ume hauei pertsona sentiaraztea “eta hori argi daukagu”. Esperientzia guzti hauek Ane Pirata liburuan islatu zituen Mitxel Murua idazleak “denborarekin hasierako inpresio hori alboratzen ikasten duzu eta pertsonaren barruan dagoenarekin gelditu, nahiz egoera gordina izan”.

Labore soziala saritzen

10 urteko harremanaren ostean errekonozimendu publikoa egin diete Aspanogikoek Katxiporretakoei “guk askotan eskertu diegun bezala eskertu nahi izan digute”.
Txaran I-ean egin zen ekitaldia, azpisotano batean kokatuta dagoen gelan “eta guk askotan azpimundua bezala adierazten duguna. Bertan egoera dramatikoak bizi dituztenen elkarte ezberdinak daude, agerikoak ez direnak”.

Adituen laguntza

Minbiziaren gaia lantzea erabaki zutenean, gaian aditua zen elkarte batekin kontatzea ezinbestekoa zela kontura ziren “egunerokotasunean gaixotasun hori pairatzen dutenen esperientziak jakinda hobeto transmititu daiteke”.
Ospitaleko esperientzia eta Aspanogirekiko harremanari esker Eskerrik asko ikuskizuna taularatu zuten “gaixotasun honen inguruan dauden kulpabilitate sentimenduak alboratu behar direla eta bizitzak jartzen dizun erronka honetan aurrera egin daitekeela azaldu genuen”.
Minbizia izan arren bizitzak aurrera jarraitzen du, umeek jolasteko, lagunekin egoteko gogoa edukitzen jarraitu behar dute, beti ere ilusioa galdu gabe. Egoera gogorra da eta haurrak bizipenak ateratzen dituzte bertatik “bizitzari heldutasun puntu batetik begiratzen diote haurrak izan arren, egunerokotasuna askoz gehiago baloratzen dute eta gauza positiboekin geratzen dira”.

Hasieran, harridura

Eskerrik asko saioak hasieran harridura sortarazi zuen “minbiziaren gaia umorearekin uztartu behar genuela? Guk tabu guztiak ezabatu eta gaixotasun honen errealitatea erakutsi nahi genuen”.
Askotan minbizia heriotzarekin erlazionatzen da “eta guk horrekin puskatu nahi genuen”. Gauzak ezagutu behar dira interpretazio okerretara ez jotzeko “bizitzen ari den hori ezagutzen badugu hobeto ulertzen dira gauzak, eta umeei ere gauzak argitu behar zaizkie”.
Minbizia gaur egun oso zabalduta dago, eta edonori tokatu al zaio “hoberena ondo ezagutzea da eta gure ikuskizuna umeez gain helduei ere zuzendu genuen”. Errealitate hau modu ulerterraz batean transmititzen saiatu dira Katxiporretatik “gogoan dugu saioetan etortzen ziren aiton-amonak Marimotots-en egoerarekin identifikatuak sentitzen zirenak eta saioari esker beraien bilobak, semeak bizitzen ari ziren egoera hobeto ulertzen zutela esaten zigutenak”.
Minbiziak ez dizkizu bizitzeko gogoak kendu behar “bizitzan indarrak behar dira minbiziari aurre egiteko eta bizitza berari aurre egiteko”.
Saioetan hori islatu zuten “umeen bizitzeko gogoa taularatu genuen, eurak ez dute uste minbiziaren ondorioz hilko direnik eta horregatik indartsu aurre egiten diote”. Umeen kemen hori helduei transmititzen saiatu ziren taulatu gainetik.

Gai sozialak helburu

Pailazoak umorea lantzen badute, horretaz gain ekarpen sozial bat ere egin dezakete eta hori izan dute helburu hasieratik Katxiporreta taldeko kideek “umoretik, euskaran, alaitasunean eta kulturan oinarritzen dira gure saioak”.
Orain arte natura, osasuna, zientzia eta kultura gaia landu dituzte hainbat ikuskizunen bidez; lurraren eta naturaren garrantzia, haur langileen egoera, etorkinen gaia, kultura, ekologia, kalean bizi diren behartsuenak... “gure ikuskizunek beti balore sozialak helaraztea dute helburu”.

Elkartasuna

Hurrengo urtera begira, elkartasunean zentratutako ikuskizuna prestatzea dute buruan, horrela “natura, osasuna, zientzia eta kulturarekin batuz, umeen heziketan garrantzitsuak diren bost zutabeak landuak utziko genituzke”.
Umeen heziketa prozesuan garrantzitsua da gurasoen papera, baita eskolan ikasten dituzten baloreak, baina horretaz gain “gizarte osoaren lana behar da eta hori dugu sortu berri dugun Irrien Lagunen Klubaren izpiritua”. Beraz, elkartasunaren gaiaren bitartez “heziketaren osotasunera iritsi nahi dugu”.
Katxiporretak umeen heziketa du puntu garrantzitsutzat baita balore sozialak helaraztea ere, asko eskaintzen ari diren arren euren aburuz “eman baino askoz gehiago jasotzen dugu guk jendearengandik”.