Mende oso bat banantzea eskatzen

Nerea Eizagirre 2011ko otsailaren 21a

Lasarte-Oria udalerria 1986. urtean sortu bazen ere, herritarrak 1860 inguruan hasi ziren, lehenengo banantze eskaerak egiten. Honi buruz eta Lasarte auzoaren eraketari buruz, besteak beste, mintzo zen Jesus Manuel Perez Centeno asteazkenean 25. urteurrenaren barruan eskani zuen hitzaldian.

Lasarte auzoaren sorrera, Lasarte familiaren dorretxearen inguruan egin zela azaldu zuen Perez Centenok.
“Lasarte familiaren dorre etxea XIV. mendearen erdialdean eraiki zen, egun dorre parke denean eta 1848an, bota zen. Ia 600 urte egon zen zutik,” aipatu zuen.
Lasarte familiaren jaurerriaren inguruan, ola eta errota zeuden. Oriako bailara behean ezarri ziren hauek, bertan zeuden baliabide naturak,ura eta egurra, ustiatu eta burdina lantzeko.
Perez Centenok aipatu zuenez, eremuan baserriak zeuden soilik eta Lasarte familiaren jaurerrian ez zegoen biztanleri nahikoa hiri izateko.
1615ean, erregeak hiribildu izan nahi zuten herrixkei aukera eman zien eta lurrak saldu zizkien.
Baina, Perez Centenok azaldu zuenez Lasartek ezin izan zuen eskubide hori lortu, ekonomikoki gabezia zegoelako. 1569an, San Pedro parrokia egiteko eraiki zen eta herritarrek Antiguoko San Sebastian elizari, San Telmo, Usurbil, Andoain, Hernani eta Urnietako elizei zegozkien zergak ordaindu behar zituelako.
Ama Brigitarren Komentuaren sorreraren kondaira eta kaperan dagoen Kontsueloko Amaren irudiarena ere aipatu zituen, baita Lasarte familia Donostiako alkate izango zen Cristobal Lopez Zandategi eta Antonio Okendo almirantearekin ahaidetu zirela ere.

XIX. mendea

Lasarteko herritarrek Isabel II erregealdian agertu ziren lehengo aldiz banantzearen aldeko, Perez Centenok azaldu zuenez.
Orduan, eremuan egoera ekonomiko ona zegoen. Isabel II.a erregina Gipuzkoako kostara etortzen zen udan eta horren eraginez, turismoa ugari erakarri zuen.
Horretaz gain, Orian Brunet familiak oihalen fabrika eta Eduardo Fosseyk Lasarten galdategia eraiki zituzten.
Ondorioz, biztanleriaren hazkundea egon zen eta herritarrak kexu ziren Hernaniko eta Urnietako herriekin Lasarteko auzoan ez zirelako inbertsioak egiten eta auzoak ez zituelako ez azpiegiturarik, ezta osasun zerbitzu minimoak ere.
Horregatik, 19868an, proposamen bat egin zieten bi herriei, baina egoera politikoa ez zen egokiena. Cadizen, La Gloriosa iraultza eman zen eta Isabel IIak alde egin behar izan zuen atzerrira.
Hala ere, 1868an, Lasarteko udal barrutia sortu zuten herritarrek, batzarra eta guzti. Tamalez, Foru Aldundiak atzera bota zuen saiakera, ez espedienterik ireki ez zutelako.

XX. mendea

Herritarrek aurrera jarraitu zuten eta 1921. urtean proposamen berria egin zuten.
Orduan Mundu gerra zegoen, herrian hipodromoa eta golfa eratu ziren eta Europako turista asko zegoen inguruan.
Egoera horrek eta estatuaren interes estrategikoak, aerodromoa, eta Orian sortzen ari zen langileria mugimenduak, marxismoaren eragina zuenak, zapuztu zituzten herritarren nahiak.
Eta Perez Centenoren ustez, argudio horiek. frankismo garaian ere indarrean jarraitu zuten.

Egoera ezin hobea

Perez Centenok azaldu zuenez, 1975. urtean egoera aproposa izan zen herrian banantzearen aldeko gestora sortzeko. Izan ere, Frankoren diktadura gainbeheran zegoen, presio politikoak zeuden Europatik eta petrolioaren prezioak ere behera egin zuen.
Gestora hori, elkarte erlijiosoek sortua zela, azpimarratu zuen Perez Centenok eta horrek lagundu zuela,
Gestora honek azterketa sozio-ekonomikoa egin zuen eta 1977an, emaitzen aurkezpena egin zuen. horren ondorioz, proposamen berria sortu zen eta Gobernazioan espedientea aurkeztu zuten.
1979an, alderdi politikoak legalizatu ziren eta Hernani eta Urnieta zinegotzi batzuk bat egin eta komisio bat sortu zuten banantzearen aldekoa. Urte horretako irailean, gestora eta komisioa batu ziren.

Banantzea posible

1982an, Batzar Nagusiek Lasarte banantzeko espedientea onartu zuten eta Foru Aldundiari proiektua egitea eskatu zitzaion. Azaroaren 29an, hau onartu eta negoziaketekin hasi ziren.
Donostia, Usurbil, Andoain, Hernani eta Urnietarekin negoziatu zen lur eremuak lortzeko. Azken hirurek ez zuten arazorik, baina Usurbil eta Donostiako eremuek industria zuten eta hauek ezin izan ziren lortu.
Banantze prozesua azkarra izan zela, azpimarratu zuen , Jesus Manuel Perez Centenok. Lehenik, banantzeari buruz galdeketa egin zen eta baiezkoa izan zen nagusi. Horrela, 1985eko azaroaren 16 eta 19an, Urnieta eta Hernanik Udal batzar bereziak izan zituzten lur banaketa onartzeko.
1986ko urtarrilaren 31ean Foru Aldundiak Lasarte sortu ahal zela jakin arazi zuen eta otsailaren 15ean, udalerria eta behin behineko udal batzarra eratu zen, 1987ko hauteskundeetara arte.