Igandeko erromeriarekin eman zitzaien amaiera 25. urteurreneko ospakizunei

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 21a

Astea igaro da eta 25. urteurreneko ospakizunak atzo amaitu ziren. Eta ongi amaitu gainera, Danborrada eta Sorgin Dantzari esker, atzo herria goiza eta arratsaldean jendez betea egon baitzen. Hala ere, horiek ez dira asteburu honetan egin ziren ospakizun bakarrak izan. Asteburu mugitua izan da herrian eta adin guztientzako ekintzekin gainera: gazteentzako ekimenak, eta konztertuak, kirol eta gimnasia erakustaldiak, haurrentzako jolasak, erromeria, txistorra jana, etab.

Aste osoan zehar 25. urteurrena ospatzeko antolatu diren ekitaldiek ez dute atseden izan asteburuan.
Ostirala arratsaldean, kale hezitzaileek tailer desberdinak, txapak, graffitiak, break dance edo parcour eta graffiti erakusketa egin zituzten etxeko gazteen gozamenerako.
Eta gauerdira arteko festa egon zen ostean, herriko taldeen eskutik. KST hip-hop taldeak eman zion hasiera emanaldiari eta ostean, Flashback eta Hilotz taldeen pop eta rock doinuak entzun ziren Andatza plazan.

Sasoian egon

Bola-joko txapelketak eman zion hasiera larunbateko ospakizunei.
Biyak Bat elkarteko lagunak sasoian daudela erakutsi zuten, San Pedro elizako plazan egin behar zuten erakustaldia, baina eguraldi txarra medio, kiroldegian izan zen.
Intzako gazteek Udaberri txapelketako partida jokatu zuten Loidi-Barreneko pilotalekuan Gaztelekuko gaztetxoen aurka.
Gainera, Andatza plazan haurrek primeran pasa zuten bertan egin ziren jolasekin.
Arratsaldean, Erketz EDT, Kukuka, Alboka abesbatza, Zero Sette akordeoi orkestra, Semblante Andaluzeko koro rozieroa eta Zambra taldea eta Amaia Caballero dantza eskolako kideek emanaldi paregabea eskaini zuten.
Bakarka edo elkarlanean talde desberdinek hala nola, Agurra, La boda de Luis Alonso, Ragon Falez, Jaurrieta, Kitolis, Godalet... Emanaldia amaitzeko Alboka, Erketz eta Zero Sette orkestrek Eusko Irudiak eskaini zuten.
Eta nahiko ez zutenek, dantzakiak izan zituzten Isla plazan Azabache orkestraren eskutik.

Parte hartze handia

Igandean, Lasarte-Oriako Sport calva taldeak kalba jaurtiketa txapelketa egin zuen Atsobakarreko parkean.
Bitartean, herriko kaleak jendez beteak zeuden, helduen danborrada noiz hasiko zain.
Ama Brigitarren komentuan hasi ziren, mojak lagun zituztela, eta herriko kaleetan barrena ibili ziren Sarriegiren doinuak jarraikiz eta Lasarte-Oriako ereserkia abestuaz.
Arratsaldean, aldiz Sorgin Dantzaren doinuak izan ziren nagusi.
Zumaburuko eliza ondotik atera ziren heldu eta gaztetxoen zortzikoteak herritar ugari dantza lagun zituztela. Herriko kaleetatik ibili eta Loidi-Barreneko frontoira egin zuten.
Honetaz gain, Michelingo kirol gunean, Ostadar eta Texas Lasartearraren arteko derbia jokatu zen.
Giro ederra zegoen herrian eta Loidi-Barreneko frontoian, erromeria aparta egin zen. Amalur trikiti eta pandero eskolako haurrek fandango eta arin-arinak edo doinu ezagunak eskaini zituzten. Dantzarekin galdutako indarrak berreskuratzeko, Aterpea eta Ttakun elkarteek txistorra eta hirugiar jana eta sagardo dastatzeko aukera eskaintzen zuten.