Uzta ona Neguko txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 24a

Gipuzkoako Infantil, Junior eta Absolutuen Neguko Txapelketa jokatu zen, otsailaren 12 eta 13an Tolosan.
Lehiaketan Buruntzaldea Igeriketa taldeko kideak izan ziren.
Igerilari bakoitzak hainbat probatan parte hartu arren, emaitza paregabeak lortu zituzten, sei domina jantziaz eta hainbat marka pertsonal hobetuz.

Dominak

Txapelketako lehen domina Itsaso Tolosaren eskutik iritsi zen. 2'36''32 denborarekin 200 bizkar proban zilarra eskuratu zuen, bere marka pertsonala 6 segundotan hobetuz.
Itsaso berak eta Iñigo Ibarburuk, 100 tximeleta proban, brontzezko domina bana eskuratu zuten, lehenak 1'18''43 markarekin eta bigarrenak 1'09''54 denborarekin.
Mikel Arribillagak lortu zuen laugarren domina 400 estiloak proban, zilarrezkoa.
Borja Apeztegia entrenatzaileak aipatu digunez, “Mikelek Euskadiko gutxieneko marka lortzeko aukera zuen proba honetan baina ez zen posible izan. Hala ere lan txukuna egin zuen, 5'43''06 denbora eginez”.
Honetaz gain, Iñigo Ibarburuk 200 tximeleta proban brontzezko domina eskuratu zuen, 2'40''35 marka ederrarekin.
Azken domina, berriro ere, Itsaso Tolosak eskuratu zuen. 1'15''66 denborarekin brontzezko domina berri bat eskuratu zuen, 100 metro bizkar proban izan zen hori.

Euskadiko gutxienekoa

Aipatu bezala, Mikel Arribillaga Euskadiko gutxienekoaren bila joan zen Tolosara.
400 metro estilo proban lortu ez bazuen ere, proba horretako estilo librean Mikelek 4'56''05 egin eta Euskadiko txapelketarako txartela lortu zuen.

Markak

Dominez gain, Buruntzaldeko gaztetxoek 20 marka pertsonal eta 3 errelebotako taldeko marka hobetzea lortu zuten txapelketa honetan.
Iñigo Ibarburuk txapelketa ona egin zuen. 100 mettro libreetan bere marka onena bi segundotan hobetu zuen.
Bestalde, infantilen 4x200 metro libre proban parte hartu zen Mikel Arribillaga, Unai Bueno eta Kevin Iglesiasekin. Seigarren postua eskuratu eta taldearen marka 15 segundotan jaitsi zuten.
“Errelebo honetan aipagarriena, Iñigok egindako lehengo postua izan zen. Bere marka pertsonala lau segundotan hobetu zuen eta,” adierazi du Apeztegiak.
Era berean, Unai Buenok 100 bizkar proban hobetu zuen bere marka; Asier Lopez de Arregik 100 libre, 100 estilo eta 50 libre probetan; Oier Mitxelenak 50 tximeleta proban eta Haitz Mitxelenak, 200 tximeleta eta 400 libreetako probetan.
Neskei dagokionez, entrenatzaileak aipatu duenez, Naroa Goikoetxeak bere hobekuntzarekin jarraitu eta 200 eta 100 bular probetan bere marka hobetu zuen.

Postu onak

Dominak, markak eta igerilariek, gainera, postu onak ere egin zituzten.
Mikel Esnal nagusien mailako 100 libre proban parte hartu eta azkarrena izan zen. Bosgarreneko postua lortu zuen, aldiz, 50 libre proban.
Era berean, Unai Buenok bosgarren postua egin zuen 100 estiloak proban.
Haitz Mitxelenak, aldiz, 100 tximeleta proban seigarren postua lortu zuen.
Naroa Goikoetxeak 50 bular proban ere lan bikaina egin zuen laugarren postua eskuratuz.
Gainera, 4x100 libre proban, bai infantilek, baita helduek ere postu ona lortu zuten. Infantilek laugarrena eta helduek hirugarrena.
Erreleboetan ere, 4x50 libreetan, Asier, Haitz, Oier eta Mikelek osatutako taldeak hirugarren postua eskuratu zuen.
Eta infantilen 4x100 estiloak proban, Mikel, Kevin, Iñigo eta Unaik seigarren postua eskuratu zuen. “Amaiera arte gogor igeri egin zuten,” aipatu du Borjak.