Zergatik aldaketa hau? Ez gaude ados

Txintxarri 2011ko ots. 25a, 01:00

Atzo otsailak 24 osteguna, sustapen pribatuko babes ofizialeko etxebizitzen zozketa berri bat egin zen (urrian Goiegi ibarreko etxebizitzena egin zen).
Oraingo honetan, aldaketa nabarmen bat dago: eraikitzaileek, zozketa Udalaren bidez egitea aukeratu dute Etxebideren bidez egin ordez, legeak ematen dien aukera baliatuz.
2010eko udaberrian, sustapen publikoko etxebizitzen zozketarako ordenantza bat onartu zuen udalak. Atzo egin zen zozketa ordenantza horretan kokatzen ez denez, Udalak eta eraikuntza enpresak hitzarmen bat sinatu dute, non zozketaren baldintzak zehazten diren.
Ez gaude batere ados hitzarmen honekin, ze, bertan parte hartu dezaketen pertsonen zerrenda 2010eko uztailaren 6an itxi zen zerrenda delako, beste inor sartzeko aukerarik eman gabe.
Orduan, zure ustez azken sei hilabete hauetan herritarron bizimoduak aldaketarik ez du izan? Zenbat ezkontza, jaiotza, heriotza, lana aurkitu duen jende xehea…
Eta ze gertatzen da lehen parte hartzerik izan ez zuen eta orain aukera izango lukeen herritar horrekin? Beste herritarrak baina eskubide gutxiago ahal ditu/zte?
Ez ahal da, modu desegokian, arbitrarioan eta guztiz bidegabean kendutako eskubide bat?
Zergatik aldaketa hau Zaballos jauna? Jakin badakigu zenbait teknikarien artean ere desadostasunak sortu direla, suposa dezakegu erabaki-jarrera itxi eta kapritxoso hau, zure erabakia dela? Non geratzen da herritarrekiko zure zabaltasuna, ideia berriak jaso nahia, eta hainbat hitz polit? Uzta jasotzeko aurrena erein egin behar da Zaballos jauna.
Gure ustez etxebizitza eskubide bat da, eta ezin da onartu gaur egungo egoeran etxebizitza bat eskuratzeko aukerarik gabe uztea herritar multzo bat. Lerro hauetatik, Ezker Abertzaleko zinegotziok, izen-emate epe berri bat ireki dadila nahi dugu, Uztailaren 7tik aurrera baldintzak betetzen dituzten herritar guztiak zozketarako izena emateko aukera izan dezaten.

Txanpi Baztarrika,
Joxe Goikoetxea, Ixiar Iartza
Ezker Abertzaleko zinegotziak