Kinielak astelehenetan asmatzen ditut nik

pablo-barrio 2011ko otsailaren 25a

Iñaki zutabekideari erantzuteko diot. Tripako harrak janda omen da laguna. Hurrengo alkatea nor izango den galde eta galde ari baitzaigu azken zutabeetan. Apusturen bat luzatzeko asmotan ez ote dabilen pasa zait burutik, atera kontu! Bada, nirekin kale egin duzu, Iñaki. Nik, apustuak, harrijasotzaile lanetarako besterik ez ditut onartzen. Bai, ea nork baino nork gutxiago altxatu. Tamalez, inor ez da nirekin ausartzen. Logikoa ere bada. Inori ez zaio galtzea gustatzen.
Tira, ea serioxeago jarrita... Hari asko ditu mataza horrek eta ezin orain guztietatik tira, baina enfin. Aurreko zutabe batean idatzi nuen: printzipio moduan, politikariak baino politikak interesatzen zaizkit; eguneroko kontua da politikariak (alderdiak) aldatzen politika aldatu gabe. Egia esan, gurean, alderdi (eta pertsona) batek izan duen nagusitasunaren ondorioz, eta baita gauzak egiteko moduaren ondorioz ere, politikarien aldaketak politikaren aldaketa bat baino gehiago ekarriko luke, nahitaez ia. Hala sinetsi nahi dut behintzat. Bestela, ufff... akabo.
Demokrazia, herritarrek gobernatzeko modu bezala ulertuta, ez da lau urtetan behin botoa eman ahal izatea. Demokrazia astero, egunero, uneoro botoa eman ahal izatea da. Udal partehartzailea eskatzen du horrek. Eta, ejem, herritar partehartzaileak ere (ikaragarri aspertzen naiz, harira etorri edo ez, politika eta politikarien kontra aritzen direnekin. Baina hori beste zutaberako).