Baietz gure enpresan Bikain Ziurtagiria lortu!

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 25a

Buruntzaldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko, 'Baietz gurean!' egitasmoa jarri dute abian Buruntzaldea osatzen duten 6 udalerriek. Helburu nagusia da ahalik eta enpresa gehienek jartzea bitartekoak euskararen erabilera normalizatzeko eta pauso horiek eman ditzaten diru laguntza emango zaie egitasmo honekin, Bikain Ziurtagiria erreferentzia izanda.

Entrada, oficina, recepción... kontzeptuen ondoan, sarrera, bulegoa, harrera... jartzea edota telefonoa hartzean ¿Sí, digame? esan beharrean, Bai, zein da? esatea edota web guneko edukia euskaraz ere jartzea edo dokumentuak euskaraz idaztea, bilerak euskaraz egitea...
Batzuk pauso txikiak eta beste batzuk handiak, baina guztiak dira euskararen erabilera normalizatzeko pausoak eta pauso horiek ematera bultzatu nahi dituzte Buruntzaldeko 6 udalerriek bertako enpresak.
Hori horrela, Baietz gurean! egitasmo berria jarri dute abian, Ahize hizkuntza aholkularitzaren proposamen batean oinarrituta.
Enpresek, euskararen alde ematen dituzten pausoen arabera, diru laguntza jasoko dute egitasmo honen bidez, abiatzen diren tokitik abiatuta ere.
Buruntzaldeko herrietako hama r langiletik gorako enpresei zuzendutako egitasmoa da.

Bikain Ziurtagiria lortzeko bidea

Egitasmoa bultzatu duten Udalek jakinarazi dutenez, egitasmoarekin helburu instrumental batez baliatzea erabaki dute oraingoan: "Eusko Jaurlaritzak, hau da, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) ematen duen Bikain Ziurtagirietako bat lortzeko bidean jarriko ditugu enpresak, eta ibilbide horretan diruz lagunduko ditugu".
Baietz gurean! egitasmoan parte hartzea erabakitzen duten enpresei azterketa bat egingo die enpresa aholkulariak enpresa horren egoera linguistikoa zein den jakiteko. Horretarako, HPSk Lanhitz programaren barruan definituta duen Erreferentzia Marko Estandarra (EME) erabiliko du.
0-1000 puntuko tartean neurtuko da egoera. Enpresa aholkulariak txostena egingo du zehaztuz neurketaren emaitza eta enpresa horrek hurbilen duen Bikain Ziurtagirirako bidean egin beharrekoak. Bide horretan, 100 puntuko salto bakoitzeko jasoko dute diru saria Udalaren eskutik. Hasierako puntuak gehiago sarituko dira: 0-500 tartean 700 euro salto bakoitzeko, 501-800 artean 500 euro, eta 801-1000 artean 300 euro.
Enpresak parte hartzea erabakitzen duenean, urte beteko hitzarmena sinatuko du Udalarekin, luzatzeko aukerarekin, eta hitzarmen horretan jasoko da, besteak beste, Udalak enpresari emango dion dirulaguntza.
Bikain Ziurtagiriari dagokionean, hiru dira: Beltza, 200-399 puntu artean lortzen da eta 1.000 euroko saria du; Zilarrezkoa 400-699 puntu artean lortzen da eta 3.000 euroko saria du; eta Urrezkoa 700-1000 puntu artean lortzen da eta 5.000 euroko saria du.

12 enpresekin harremanetan

Buruntzaldeko Udalek egitasmoa martxan jartzeko, 12 enpresa aukeratu dituzte, herri bakoitzeko bi, eta horiekin harremanetan daude.
Aukeratu aurretik honako lana egin zuten: Buruntzaldean dauden 10 langiletik gorako 390 enpresei inkesta pasa zieten euskararen inguruko beharrak eta nahiak ezagutzeko.
Horietatik 170ek erantzun zuten eta 52 enpresak azaldu zuten euskara normalizatzeko prestutasuna. Zenbait irizpide kontuan hartuta, hasteko, 12 dira jo puntuan dituzten enpresak.