San Ferminak pertsona mota eta adin guztientzako festa dugu eta hori da aurten herriko hainbat taldeek prestatu diguten jaia.
Bizi jaia mozorrotuta
Oraindik ez dakizula zertaz mozorrotu? Berriro luzatzen dizkizugu hainbat aukera. San Ferminak irudimen handia dutenentzako eta patxadazaleentzako gaia dugu.
Ez duzula gehiegi konplikatu nahi, txuriz jantzi, zapi gorria eta gerrikoa hartu eta atera kalera.
Baina mozorroa gehiago landu nahi baduzu aukera anitz dituzu.
Zezenik gabeko entzierrorik egitea ezinezkoa da, beraz korrikalariak baldin badaude zezenak behar dira. Eta gogoratu korrikalarien artean entzierro osoa arazorik gabe amaitzea lortu dutenak eta istripuren bat izan dutenak aurkitu ditzakegula.
San Ferminetan turistak ezin dira falta, ezta ere txupinazo momentuan plazan dauden pertsona horiek guztiak ere.
Jai guztietan bezala kaleak alaitzeko txarangak, txistulariak, udaleko musika banda, peñak... ezin diote hitzorduari uko egin.
Txozna jarri nahi duzula, inauterietan ere aukera duzu, baita zure edari gogokoenaz mozorrotzekoa ere.
Barrakerorik gabe, ez dago jaia. Barrakak, tonbola eta bertako langilerik gabe ez dago San Ferminik.
Arrosa saltzailea, CD eta DVD saltzaileak, jota-abeslariak, bertsolariak, Kukuxumuxuko zezena, erraldoiak eta buruhandiak, gaiteroak, herri kirolak, musika taldeak, su artifizialak, zezen-suzkoa, Hemingway, karikaturagileak, garbitzaileak, udaltzaingoa... mila aukera San Ferminen giroa herrira ekartzeko.
San Ferminak egun batez
Iruñan aste bete irauten duen jaia Lasarte-Orian egun batera murriztuko da.
Goiz hasi eta luzera joko du egunak, beti ere, bakoitzaren iraupenaren arabera.
Goizeko 11:30ean Sagardotegi kalean biltzeko hitzordua jarri da eta 12:00etan Ttakuneko balkoitik txupina botako da. Sagardotegi kalea Iruñako udaletxe plazan bihurtuko da. Jaiei hasiera eman eta gero, bertan bildutakoak buruhandi eta erraldoien laguntzarekin kalejirari ekingo diote.
Pintxopoteoa
Energia gastua ekiditeko kalejiran zehar pintxopoteo egingo da tabernaz tabernaz.
Jalgin hasi, Buenetxea, Iñaki, Insausti, Avenida, Ilargi, Dakara eta Sagardotegi kalera buelta. Taberna hauek San Ferminetan girotuak egongo dira eta gainera, eskaintza berezia izango dute eguerdi osoan, pintxoa gehi edaria euro bat eta erdira.
Bazkari herrikoia
Eguna luzea izango da, beraz, deskantsatzeko parada ere egingo da, izan ere bazkari herrikoia antolatu da, 14:30ean.
Bakoitzak bere etxetik eraman beharko du otordua, eta Arrieskalleta elkarteak prestatutako salda, txorizoa eta odolki egosi pintxoekin osatu ahalko da.
Bazkaldu ostean, emanaldi berezia prestatu da, honetan, Jotak, zezenketa, batukada, malabarak, San Ferminen bila eta herri kirolak izango dira.
Desfile erraldoia
Arratsaldean, herriko elkarte eta talde desberdinek antolatzen duten desfilearekin bat egingo da. Azken bi urteetan herrian sortu den festa erraldoi politaren emaitza ikusita, elkarteek berriro guztiok elkarrekin inauterien jaietan barneratzeko bat egin dute.
Desfilea 16:30ean hasiko da Isla Plazan. Ondoren, Zumaburu kaletik, Kale Nagusira egingo da Arantzazuko amaren eliza ondotik eta geldialdia izango da Zaharren egoitzan. Kale Nagusia jarraitu eta erdialdean beste geldialdi bat egingo da. 18:00etarako Andatza plazara iritsiko da desfilea eta 18:20ean berriro aurrera egingo du Kale Nagusira. Hau itxia egongo da eta bertan bukatuko da festa.
Gogoratu elkarteez gain, desfile hau herritar guztientzat dituela ateak zabalik. Ondo pasa nahi baduzu, parte hartu desfilean. Mozorrotu eta disfrutatu jai giroaz.
Eguna ondo amaitzeko
Desfilea amaitu ostean oraindik gozamenerako eta ondo pasatzeko astia egongo da.
Arratsaldeko 19:30etik 21:00ak bitartean Erromeria antolatu da Sagardotegi kalean.
Herria atondu
Gure buruak atontzeaz gain, mozorrotu dezagun herria ere. Herria jai erraldoian bihurtzeko deia luzatu nahi dute elkarteetatik eta horretarako, balkoiak eta leihoak dekoratzeko eskaera egiten dute.
Ez da gehiegi behar, koloredun zapi edo oihal zati batzuk zintzilikatzea puxika batzuekin, serpentinekin, zintaren bat... bakoitzak eskura duenarekin atondu dezala. Modu erraz eta merke batean herria mozorrotu dezagun.