Lasarte-Oria, mugarriz mugarri

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 27a

Otsailaren 15ean, Lasarte-Oria herri bezala eratu zenetik 25. urteurrenarekin bat eginez, Oinatz taldeak gure herriko bazterrak ezagutzeko aukera eskaini nahi die herritarrei. Horretarako, martxoaren 13an, igandean, mugarriz-mugarri doan ibilbidea osatu dute Lasarte-Oriako mugak hurbiletik ezagutzeko. Lasarte-Oriak zilarrezko ezteiak bete dituen urte honetan herriaren historia ere ezagutu dezagun martxa polita antolatu dute.

Goizeko 09:00etan emango zaio hasiera Lasarte-Oriaren mugak ezagutzeko aitzakiaz Oinatz taldeak antolatu duen mendi martxari. Martxoaren 13an jarri da hitzordua Jalgin. Goizeko irteera izango da, eguerdirako itzuliz, alegia, mugarriak errespetatuz Lasarte-Oriari bira eman eta gero.
Jalgin bildu eta lehenengo geldiunea Brigitarren komentura egingo dute. Oinatz Taldeak irteera guztietan egiten duen bezala, honetan ere parte hartzaileei erreferentzia historikoak eskainiko die bertan. Herriko mugak ezagutzeaz gain, herriaren beraren historiara hurbiltzea dute helburu Oinatzekoek.
Ondoren, ibai ertzetik Zumaburuko ibai ondoko parkera abiatuko dira eta bertan Hipodromoari buruzko datuak emango zaizkie hasteko eta ondoren Zumaburu auzo bihurtu aurretik bertan garai batean zegoen irlari buruzko argibideak eta informazioa.

Hiritik mendirantz

Txitxardin beltza aldera joango dira gero, hortik Oria bidera, Brunet fabrika zegoen tokira eta hortik Azkortera. Hiru leku hauetan ere geldialdia egongo da inguruko eta tokia tokiko informazioa eskaintzeko.
Azkortetik Bidegurutzeta aldera jarraituko du ibilbideak. Bertan Plazaolako trenari buruzko azalpenak emango dituzte taldekoek eta Lasarte-Oriaren biztanle dentsitate datuak ere bai.
Honen ostean, hamaiketakorako atsedena hartuko dute. Hilero egiten duten ibilaldietan energiak berreskuratzeko denbora hartu ohi dute eta honetan ere bai. Hamaiketakoak bakoitzak eraman beharko du bere etxetik.

Herria inguratzen

Hamaiketakoaren ostean kanposantu aldera abiatu eta hortik Zabaletara igoko dira.
Ondoren Goiegitik barrena Atsobakarrera jaitsiko dira. Bertan Michelin fabrika eta golf zelaiari buruzko datu historiko eta interesgarriak emango dira. Eta honekin ibilbideari amaiera emango zaio, eguerdi partean Jalgin amaituko da Oinatzetik herriaren mugak eta historia ezagutzeko prestatu duen irteera.

Egin dezagun historia

Aipatu bezala herriko mugak ezagutzeaz gain herriaren beraren datu historikoak eskainiko dira martxoaren 13rako Oinatzek prestatu duen irteeran.
Talde honek antolatzen dituen ibilbide guztietan lekuak fisikoki ezagutzeaz gain, bertako historia ere ezagutzea dute helburu nagusi. Gainera, taldekideak eurak dira beti datu historiko hauek gainerakoei kontatzen dizkietenak. Hala ere, argi utzi nahi dute norbaitek zerbait aportatu nahi izanez gero ongietorria izango dela. Zenbat eta informazio gehiago, irteera aberasgarriagoa izango da eta. Herritar guztiak gonbidatu ditu Oinatzek irteeran parte hartu eta herriko historia ezagutzeko.
Gogoratu, martxoaren 13an, goizeko 09:00etan Jalgin emango zaiola hasiera bidai historiko honi. Datu interesgarri asko dago, ezagutu nahi badituzu, ez galdu Oinatzen proposamena.