Udaltop euskara ez dakitenak gai hartuta

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 28a

Lasarte-Oriako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Eudelek eta Kutxak UdalTop Udaletako euskara Zerbitzuen III. Topaketa aurkeztu zuten asteazkenean, Koldo Mitxelena kulturgunean.
Patxi Martinez de Marigorta, Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazioetan Hizkuntza normalizatzeko zuzendaria, Estitxu Alkorta Foru Aldundiko euskara zuzendaria, Iñaki Arruti Lasarte-Oriako Udaleko euskara zerbitzuko arduraduna, Jon Azkue Eudeleko ordezkaria eta Mikel Irizar kutxako ordezkaria egon ziren bertan.
Apirilaren 7 eta 8an burutuko da Topaketa berriro ere Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean. Aurtengoa hirugarrena izango da.

Euskara ez dakitenak

Aurten landuko den gaia "Zer da euskara ez dakitenentzat?" da eta pertsona horiei euskara hurbiltzeko udalek zer egin dezaketen eta nola aztertuko dute.
Martinez de Marigortak normalizazioan euskaraz ez dakitenek duten garrantzia azpimarratu zuen, "asko direlako euskaraz jakin gabe euskararen normalizazioa eta euskararen aldeko kanpainak bultzatzen dituztenak".
Horretaz gain, elebitasun hartzaileak ere aipatu zituen, "euskal herritar askok ez dute euskaraz hitz egiten, baina badakite ulertzeko adina; gaztelaniaz egiten diren elkarrizketa asko, beraz, bi hizkuntzatan izan litezke nork bere aukerako hizkuntzan mintzatuta. Hori Euskal Herrian ez da maiz gertatzen, bai ordea, Katalunian".
Iñaki Arrutik azaldu zuenez, aurtengo gaia interes bizikoa da, "Lasarte-Oria bertatik hasita, beti izan da jomuga bat nola erakarri erdaldunak euskarara. Askotan aritu gara ahalegin horretan eta aurrerantzean ere jarraituko dugu".
Jokin Azkue Eudeleko ordezkariak euskararen normalizazioan eta berreskurapenean euskaraz ez dakitenak euskararen unibertsora erakartzea giltzarria dela azpimarratu zuen.

Katalunia eta Valentzia

Aurkezpenean, egitaraua aurkeztu eta hizlarien berri eman zuten. Azpimarratzekoa da aurten Kataluniako eta Valentziako hizlariak egongo direla, esate baterako, Josep-Anton Fernandez Montolik "El catalán también es mío" gidaren berri emango du edo Mercè Solé i Sanosak "Les bones pràctiques, un recurs per als serveis lingüístics" izenburua duen hitzaldia eskainiko du.
Bestalde, Estibaliz Amorrortu eta Ane Ortega "Euskarara hurbiltzeko jarrera mesedegarri eta oztopatzaileak" ikerketari buruz mintzatuko dira.
Eta "Hizkuntza politika, euskaraz ez dakitenei begira" izeneko mahai-inguruan Xabier Azanza Nafarroako gobernuko ordezkariak, Bernadette Soule Euskararen Erakunde publikoko ordezkariak eta Lurdes Auzmendi Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako saileko ordezkariak parte hartuko dute.
Honetaz gain, Topaketetan emango diren ponentziak eta hizlarien curriculumak Udaltopeko gunean ikusgai daudela jakin arazi zuten.

Berrikuntzak

Hirugarren edizio honetako berrikuntza nabarmenak batetik azoka eta bestetik erakusketa izango dira. Azoka, enpresa, elkarte eta erakundeek haien zerbitzuak saltzeko jarriko dute. Erakusketan, hainbat udali bere esperientziaren berri emateko aukera emango zaie.
Honetaz gain, erakunde antolatzaile guztiek eskertu zuten garai zail hauetan Kutxak proiektu hau babestu izana eta, zehazki, topaketen barruan azoka eta erakusketa egiteko aukera eman izana.
Izena ematea
Topaketetan parte hartzeko interesa duten euskara teknikariek martxoaren 24a arte dute matrikula egiteko epea zabalik. Izena ematea internet bidez egingo da, www.udaltop.com gunean.
Prentsaurrekoan jakin arazi zutenez, prezioa iazko berdina izango da, 80 eurokoa, bi egunetako bazkaria barne dagoelarik.