Adineko pertsonak zaintzen dituzten familiek laguntza taldea osatu dute Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 28a

Lasarte-Oriako Udalak Sendian programako familien laguntzarako taldea osatu du.
Foru Aldundiak bultzatzen duen programa da hau eta Lasarte-Oriako Udalak, Gizarte Zerbitzuetako, Enpleguko eta Kooperazioko sailaren bidez, beharrezko gestioak egin ditu udalerrian bertan talde bat osatzeko.
Programaren helburua adindu ezinduak zaintzen dituzten familiak laguntzea da.
Era honetara, zaintzaileek izan ohi dituzten desoreka pertsonal eta familiarrei konponbidea emateaz gain, adineko pertsonei eskaintzen zaien arreta hobetzen duten laguntzarako baliabideak garatzen lagunduko die programak.

Zaintzaileak zaindu

"Zaintzen duenari zaintzearen garrantzia," horrela laburbildu du Jesus Zaballos alkateak talde hauen filosofia.
Arazoei aurre egiteko eta konpontzeko eta errudun ez sentitzeko prozesuetan aditua den pertsona batek gidatzen ditu.
Alkateak azaldu duen moduan, "agerikoa da arazo berdina duten pertsonen arteko laguntzaren eraginkortasuna, eta oso garrantzitsua da bakoitzak bere errekurtsoak aurkitzea, hori guztia adierazteko, komunikatzeko eta parte hartzeko aukera ematen dien inguru batean".

Bilerak eta informazioa

Lasarte-Oriako taldea adindu ezinduak zaintzen dituzten 13 pertsonek osatua dago eta joan den otsailaren 15ean hasi zen lanean.
Honela, Udalak jakitera eman duenez, laguntza taldearen bilerak hamabostero egingo dira Atsobakar zaharren egoitzan, hilabete bakoitzeko lehen eta hirugarren astearteetan 15:30etik 17:00etara.
Informazio gehiago nahi izanez gero, interesa duten herritarrek Villa Mirentxun, Donostia Etorbidea 3 dagoen Udaleko Gizarte Zerbitzuetako, Enpleguko eta Kooperazioko sailera jo dezakete, astelehenetik ostiralera 9:00etatik 13:00etara.