Santos Uribe eta LOKEko Irati Larrañaga Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 28a

Azken asteburuotan lanpetuta ibili dira LOKEko atletismo saileko gazteak.
Otsailaren 12 eta 13an, Euskadiko beterano eta senior mailako txapelketa izan zuten eta otsailaren 19 eta 20an, junior, jubenil eta kadeteen mailako lehiaketa.
LOKEko atletez gain, Real Sociedad taldeko Iñigo Sevillanok parte hartu zuen senior mailako 60 metro hesiak proban eta Zumeatarrako Santos Uribe beteranoak martxan.

Senior maila

Senior mailako Euskadiko txapelketan fin ibili ziren LOKEko eta herriko atletak eta hiru domina lortu zituzten.
Irati Larrañaga gazteak urrezkoa eskuratu zuen jauzi hirukoitzeko proban eta bere marka hobetu zuen.
Iñigo Sevillano 60 metro hesi proban txapeldun ordea izan zen. Aurreko zenbaki batean eman genuen horren berri.
Era berean, Gaizka Ormazabalek podiumeko hirugarren postua lortu zuen 400 metrotako proban. Egindako markarekin, Estatuko junior txapelketan parte hartzeko behar den gutxieneko denbora egin zuen.

Beteranoak

Bestalde, txapelketako martxa probak Gasteizen egin ziren. Bertan, Santos Uribe atleta lasarteoriatarrak 75 urte baino gehiagoko 5 kmko martxa proban parte hartu zuen eta xirimiriari eta hotzari aurre eginez, urrezko domina ekarri zuen herrira.

Kadete eta juniorrak

Lehengo asteburuan ere, Euskadiko kadete eta junior txapelketan lan ona egin zuten LOKEko gazteek. Izan ere, Oskar Goikoetxeren neska mutilek lau domina eskuratu zituzten.
Irati Larrañagak junior mailako luzera eta jauzi hirukoitzeko urrezko dominak eskuratu zituen.
Honen ondorioz, senior eta junior mailako Euskadiko txapeldun dugu.
Era berean, Gaizka Ormazabal hirugarren izan zen juniorretako 200 metrotako proban.
Eta Ane Galardi kadeteak ere brontzezko postua eskuratu zuen luzera jauzian.
Proba honetaz gain, Ane Galardik 60 metrotakoa egin zuen. Baina honetan ez zuen zorterik izan eta 5. postuan amaitu zuen.

San Hilario Krosa

Bestalde, lehengo igandean, otsailaren 20an, San Hilario krosa egin zen, Donostiako Miramon teknologia parkean.
400 bat partehartzaile izan ziren irteeran eta emakumeetan lehena, herrian bizi den Pili Bodegas izan zen.