Emakumeen bakarrizketak

jon-altuna 2011ko otsailaren 28a

Umorea eta emakumeak izan ziren ostiralean Villabonako antzokian jokatu zen II. Euskarazko Bakarrizketen Lehiaketako finalean protagonista. Bost finalistak emakumezkoak izan ziren, tartean zen Mailu Arruti lasarte-oriatarra, guztiek oso kontaketa umoretsuak egin zituzten eta azkenean Azpeitiko Erika Olaizola nagusitu zen, hain juxtu, hizketa baino gorputz espresioa besteek baino gehiago landu zuenak. Joxe Mari Agirretxek, emakumeek egindako lana goraipatuz zera esan zuen sari banaketan, "gizonezkoek mutikotan baloiari ostiko egiten diote, gero handitan munduari. Ea mundua nesken esku geratzen den!"

Villabonako aretoa bete egin zen ostiral gauean euskarazko bakarrizketen lehiaketako finala ikusteko. 200 lagunetik gora parrez lehertu ziren bi ordutan finalean izan ziren bost emakumeen eta aurkezle lana egin zuen Alex Tello usurbildarraren ateraldiekin.
Bi kanporaketa egin ziren aurreko bi ostiraletan, eta hiru mutilek parte hartu baldin bazuten ere, emakumezkoek bakarrik lortu zuten finalerako txartela. Eta finalean ere aktore eta kontalari bikainak direla erakutsi zuten bost finalistek. Mailu Arruti saririk gabe geratu zen baina garai bateko etxekoandrearen kontuekin une ederrak pasarazi zien ikusleei.
Sarreran ikusleek piruleta bana jaso zuten opari eta hain juxtu piruleta horiek, edo jan zutenek piruleten makilak erabili zituzten ikuslearen saria emateko. Hau, iaz bezala Jone Gorostarzu bertako kontalariak jaso zuen. Bera izan lehenengoa taula gainean, bikain aritu zen bere buruaz konplexurik gabe eta umorez, bere altura txikiari buruz jardun baitzen solasean eta beretzat izan zen ikuslearen saria.

Txapela Azpeitira

Bigarren aritu zen Erika Olaizola azpeitiarrak eraman zuen lehen saria. Honek hitzari baino gorputzaren espresioari eman zion garrantzia, besteek baino gehiago bai behintzat eta hori baloratu zuten Belen Kruz, Joxan Zubero eta Josune Zabala epai mahaikideek: bere ideia ona, aktore lana eta hartutako arriskua. Pozez zoratzen atera zen aktorea Maialen Abaigar Villabonako Udaleko Euskara zinegotziaren eskutik saria jasotzera.
Erikaren ondoren, hirugarrena taularatu zen Erika Hualde Gasteizen bizi den bilbotarrak ere lan bikaina egin zuen eta bigarren saria eskuratu. Aurrekoak bezala mutilekin hartu emanak izan zituen hizpide baina denetarik kontatu zuten, kasu honetan, inuzente xamarra zen eta maitemintzean azalean pinporta gorriak izaten zituen neskaren paperean. Epai mahaiak bere aktore lana eta ikuslegoarekin lortu zuen lotura nabarmendu zuen.
Finalean parte hartu zuten azken biak geratu ziren saririk gabe. Etxekoandreen paperean aritu ziren hauek, Mailu Arruti herritarra garai bateko etxekoandreen kontu eta hauen garrantziari buruz aritu zen eta Eneritz Artetxe, aldiz, haurdun eta besotan ume bat zuela azaldu zen hain juxtu kontu horiei buruz aritzeko.
Biek lan bikaina egin zuten saririk gabe gelditu baziren ere.
Aipagarri da EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak oso ondo antolatu zuela ekitaldia. Aktore eta aurkezleekin batera, oholtza gainean Esne Beltza taldeko Xabier Solano (gitarra), Pello Gorrotxategi (teklak) eta DZ (DJ Zigor) izan ziren.
Mailu Arruti lanean berriro ikusteko aukera izango da datorren ostegunean bertan Donostiako Doka Kafe Antzokian gaueko 8:30etatik aurrera, Euskarazko II Lehiaketa honetan parte hartu duten aktoreen bakarrizketetako batzuekin saio berezia antolatu dute eta.

Euskalaketa

Bestalde, Euskalaketa, euskarazko bakarrizketa lehiaketa antolatu du AEKk 17. Korrikarekin batera.
Apirilaren 7tik 17ra burutuko da korrika eta Korrika Kulturalak bultzatu du ekimen berri hau. Martxoan lehiatuko dira izena ematen dutenak Euskal Herriko herri ezberdinetan, herrialdez herrialde kanporaketak egingo dira gero (iparraldean bat), eta bakoitzetik bat iritsiko da apirilaren 17an Donostian, Korrikaren amaieran egingo den finalera. Bost beraz guztira.
Mailu Arrutik aurreratu du, seguru aski, parte hartuko duela Euskalaketa lehiaketan.