Esaten da zorroztailea pasatu eta biharamunean euria egiten duela. Horrelakorik ez dakigu, ez zigun eta galdetzeko denborarik eman, Etxezarreta harategiko laban eta aiztoak zorrozten aritu zen bost minutuko tartean. Gero etorri zen bidetik joan zen txistua edo txifloa joz, beste bazterren batean beste erreminta batzuek zorroztera.
Bezeroak estimatzen dute bere bisita, zorroztu berri dituen guraize edo labanekin lan egitean aldea nabaritzen dute eta.
Hala ere, bera izan daiteke inguru hauetako azken txorroskileroa: Hilabete batzuk barru jubilatzekotan dela esan zigun Nicanor Rodriguez-ek. Orduan pena hartuko dute bezeroek, segur aski ez du eta beste inork jarraituko lanbidearekin. Berak ez du behintzat Txorroskilero gazterik ezagutzen.
Zorroztarria motoan jarrita
Mutikoa zela ikasi zuen lanbidea, "etxean" sei-zazpi urte zituela, koxkortu zenean etorri zen Euskal Herrira 28 urterekin eta ia berrogei urte daramatza hemen lanean.
Motorra du bidaide eta lankide. Motoan ibiltzen da inguruko herrietan eta motorrak biratzen ditu labanak zorrozteko erabiltzen dituen harriak.
Moto atzean esmerila jarrita dauka, lehen bizikletan zeukan bezala. Pedalei atzeraka eman eta esmeril harria bueltaka jartzen zuen orduan. Lehen motoa duela 20 urte hartu zuen. Ordura arte bizikletan ibili zen herriz herri.
Donostia, Altza, Tolosa, Hernani, Errenteri, Lasarte-Oria, Andoain, Usurbil, Getaria eta Zarautzera joaten da besteak beste. "Trintxerpera ere bai, galegoengana, galegoen bosgarren herrialdera" esan digu umoretsu.
Krisi garaian
"Alde guztietara joan behar, egoera kaxkarra da eta" esan digu begia harrian jarrita daukan labanarengandik kendu gabe. Nabaritzen omen da krisia.
Zenbat kobratzen duen galdetuta ez du Nicanorrek erantzun nahi: "gauza gutxi, batzuei gehiago eta beste batzuei gutxiago. Gutxi gorabehera bost euro. Edo gutxiago", komentatu digu sekula aberastuko ez denaren aurpegi eta lasaitasunarekin. "Honekin ez gara aberastuko, hori seguru!" amaitu du. Behintzat bizitzeko adina ateratzen du.
Nicanor ezagutzen dute herritarrek eta batzuek ikusi orduko, itxaroteko esan eta etxera igotzen dira euren laban edo guraizeen bila.
Motoarekin hara eta hona ibiltzea arriskutsua ez ote den galdetu diogu. "Moito precaución", arreta handia jarri behar dela dio, eta motoa kontu handiz gidatu: "Txofer on asko dago, baina oso txarrak ere bai".
Gehienak galiziarrak
Galizia da zorroztaile gehienen jatorria, baina hainbat urtetan belaunaldi batetik hurrengora pasa den ofizioa azkenetan da. Han ere oso gutxik segitzen dute eta zahartu dira.
Azaroaren 7an bete zituen 66 urte. Eiradela, Ourenseko Nogueira de Ramuin-go herrixkan sortu zen, eta bertako beste lagun asko bezala, txorroskilero ari da. Orense probintziako nekazal herri hauetakoak izan dira txorroskilero gehienak. Nogueiran bezala, inguruko beste herrietan ere ezagunak dira zorroztaileak, esaterako Castro Caldelas, Esgos, Chandreixa de Queixa, Pereiro de Aguiar, San Xoán de Río edota Xunqueira de Espadañedon.
Herri hauen ezaugarri da denetan daudela hortik zehar dabiltzan txorroskileroak. Aldi baterako migratzaileak dira, kanpora joaten dira, herriz herri dabiltza, baina beti bueltatzen dira etxera. XVIII. mendean ba omen ziren jada txorroskilero ibiltari galiziarrak. Bere birraitona, aitona eta aitaren lanbidearekin jarraitzen du Nicanorrek.
Galiziarren ezaugarri da migrazioa, hara eta hona joan dira. Bere senitarteko batzuk Ameriketan ibili ziren eta gaztetxoa zelarik, bere aitarekin urte batzuk Kuban eman eta gero, itzuli eta gazte hasi zen Euskal Herrira etortzen. Aita Lisboara joan eta etorri ibiltzen zen oinez. Bera, aldiz, Euskal Herrira etorri da baina aste batzuk hemen pasatzen ditu eta beste batzuek han. Aterkiak ere konpontzen ditu.