Borrokaren bidez lortutako langileon eskubideak suntsitzen ari dira. Kapitalismoaren eraso berria lan eta gizarte eskubideak etengabe murrizten ari da, eta horren ondorioz, biztanle askoren bizi baldintzak kaskartzen ari dira. Krisiaren aitzakiatan, bankaren eta botere finantzieroen eskuetan dagoen Europak agindutakoa betetzen dute estatuek. Hala, lege eta dekretuen inposizioarekin, aberastasunaren banaketa gero eta injustuagoa da. Fiskalitate sistemak pertsonen arteko ezberdintasunak areagotzen ari ditu, gizarte prestazioak murriztu, zerbitzu publikoak ahuldu, eta pentsio nahiz soldaten eros ahalmena gutxitu egiten dute.
Gure herrian hainbat murrizketa gauzatu dira honezkero: lan erreforma, soldaten eta pentsioen jaitsiera orokorrak, gastu publikoa gutxitzea (merkatuen presioa dela eta “sektore publikoaren beharretara” egokitzeko), BEZaren igoera ... Baina eraso gehiago prestatzen ari dituzte, prekarietatea legearen babesaz hedatzeko asmoz: pentsioen erreforma, gastua soziala gehiago gutxitzea, sektore publikoan plantilen murrizketa, bankak sortutako zorrak herritarrei ordainaraztea, errepresio juridiko-poliziala indartzea balizko protestak zapaltzeko, e.a.
Orain, krisialdi hau sortu dutenek pentsioen sistema publikoa ere murriztu nahi dute, neurri asko mahai gainean daudelarik: erretiro adina atzeratzea, kotizazio urte gehiago eskatzea pentsioa kobratu ahal izateko, kotizazio urte gehiago kontuan hartzea oinarri erregulatzailea finkatzerakoan... neurri hauek guztiak, edozein hartuta ere, pentsioak pertsona gutxiagok kobratzea eta kobratzen duten horiek diru gutxiago jasotzea ekarriko du. Aldi berean, Banka diru publiko mordoa ari da jasotzen gobernuen eskutik, ezeren truke. Historian zehar esku pribatuetara joan den diru publikoaren transferentzia handienaren aurrean aurkitzen gara segur asko,eta orain, berriz ere, pentsioen erreformaren bidez, diru publikoa esku pribatuetara pasako da, erreforma honen bidez lortu nahi duten bakarra sistema publikoarekin bukatzea delako.
Sistema pribatizatuz, daukaten espekulatzeko ahalmena handituz. Gainera, ez dute inongo pausurik eman espekulazioarekin amaitzeko eta neurrigabekeriarekin behingoz bukatzeko.
Egoera honen aurrean, HerriaAbian!etik naskatuak gaude hainbeste inposaketaz. Nahikoa da Europa eta Estatu Batuek diseinatzen dituzten murrizketak gobernu espainola eta frantsesa eta beraien ordezkaritza autonomikoek guri inposatzea, maniobratzeko aukerarik gabe utziz.
Guzti honengatik zuengana zuzentzen gara, eta pentsioen erreformaren legearekin jendartearen gehiengoa eskatzen duguna kontutan hartzeko daukazuen erantzukizuna betez.
Euskal jendarteak ezezkoa eman dio erreforma honi, horregatik eskatzen diogu zuen eragileari hau kontutan hartzea eta EZEZKO bozka ematea erreformari Madrilgo parlamentuan, zuen erantzukizuna delako jendartearen gehiengoa nahi duena errespetatzea. Argi izanez abstentzioaren esanahia:
1- Gehiengoaren nahiaren aurrean entzungor egin.
2- Egoera honen arduradunekin bat egitea
Herri hau egunero-egunero aurrera ateratzen dugunok gure etorkizuna erabakitzeko eskubidea, baita alor sozioekonomikoari dagokionean ere, eduki behar dugula uste dugu, oinarritik eta planetako beste herri batzuekin elkarlanean egungo garapen ereduaren alternatiba eraiki ahal izateko. Beste mundu bat posiblea delako eta beste Euskal Herria bat beharrezkoa dugulako.
Herria abian