“Finoa” Andaluziako Egunean

Txintxarri Aldizkaria 2011ko otsailaren 28a

Lasarte-Oriako andaluziarrek, Andaluziako beste guztiek bezala, festa egingo dute gaur eta ohiturak aldatu gabe, urteroko eguna aurreko urteetan bezala ospatuko dute: Arratsaldeko 20:00etan Semblante Andaluz elkartean Andaluziako ardo goxoa banatuko dute herriko agintari eta elkartean biltzen direnen artean. Otsaileko azken egunean ospatzen dute Andaluzian eta Andaluziatik kanpo bizi diren andaluziarrek egun berezia ,1980ko otsailaren 28an autonomia eman zion estatutua onartzeko erreferenduma egin zela gogoratuz.
Andaluziako Eguna gaur ospatzen bada ere, ospakizunak larunbatean hasi zituzten Hijos de Jaen taldearen emanaldiarekin. Barakaldoko Andaluziako Elkarteko abesbatzak ia bi orduko emanaldia eskaini zuten Manuel Lekuona Kultur Etxean. Arratsaldeko 19:30etan hasita Andaluziako folklorearen erakustaldi bikaina osatu zuten Barakaldokoek.

Ospakizuna igandean

Igandean bildu ziren ospakizunik gehienak, festa egun handia egin zuten Semblante Andaluz elkartekoek: meza, bazkaria eta kontzertua.
Igande eguerdian Rozioko mezan elkartu ziren herriko andaluziarrak. Zumaburuko Arantzazuko Amaren elizan 12: 30ean hasi zen mezan Semblante Rociero koruak abestu zuen. Ondoren bazkaltzera joan ziren Semblante Andaluz elkartera eta bazkalostean , 18:30 inguruan hasita, elkarteko Semblante Rociero taldeak berriro abestu zuen.
Bazkarian izan ziren Jesus Maria Zaballos alkatea eta Iñaki Mugica alkateordea, herriko andaluziarrekin eta Gipuzkoako beste herri batzuetatik etorri zirenekin batera. Guztira 120 lagun inguru elkartu ziren Semblante Andaluzen eta bazkalostean giro bikaina egon zen.
Eta gaur amaituko dituzte ospakizunak Semblante Andaluz elkartean 20:00etan egingo den ekitaldiarekin.