Lasarte-Orian, Tolosan bezala atzo hasi ziren jaiak. Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoa printzesa, mamu, superheroi eta hainbat pertsonaiz bete zen, Udal Musika Eskolako ikasleek eskaini zuten emanaldian.
Eskola txikienek eman zioten hasiera eta ederki dantzatu eta abestu zuten Astoa ikusi nuen kantua. Jarraian, musika eskolako instrumentuetako batzuen doinuak, hala nola, gitarra, txistua eta teklatua entzun ahal izan ziren eta sorpresa bat ere egon zen.
San Ferminak
Larunbata goizean, San Fermin jaietako giroa egongo da gure kaleetan.
Txupinazoa Sagardotegi kalean, buruhandi eta erraldoien kalejira berezia egingo dira.
Pintxopoteoa ere egingo da: Jalgin hasi, Buenetxea, Iñaki, Insausti, Avenida, Ilargi, Dakara eta Sagardotegi kalera buelta.
Taberna hauek San Ferminetan girotuak egongo dira eta gainera, eskaintza berezia izango dute eguerdi osoan, pintxoa gehi edaria euro bat eta erdira.
Kalejiraren ostean bazkari herrikoia egingo da Sagardotegi kalean. Bakoitzak bere etxetik eraman beharko du otordua, eta Arrieskalleta elkarteak prestatutako salda, txorizoa eta odolki egosi pintxoekin osatu ahalko da.
Eta bazkaldu ostean, herriko “artista” desberdinek emanaldi berezia prestatu dute.
Desfile erraldoia
Arratsaldean, berriz, herriko elkarte eta talde desberdinek antolatzen duten inauterietako desfilea egingo da.
Azken bi urteetan herrian sortu den festa erraldoi politaren emaitza ikusita, elkarteek berriro guztiok elkarrekin inauterien jaietan barneratzeko bat egin dute.
Isla plazatik aterako da hau eta kale Nagusitik barrena Andatza plazara egingo du. Ostean, berriro Kale Nagusira egin eta San Pedro eliza ondoko Elizatze plazan amaitzeko.
Jaiarekin jarraitu
Desfilea amaitu ostean oraindik gozamenerako eta ondo pasatzeko astia egongo da gure herrian.
Esate baterako, arratsaldeko 19:30etik 21:00ak bitartean Erromeria antolatu da Sagardotegi kalean.
Eta parranda ordu txikiak arte luzatzeko aukera dago ere, herriko tabernetan edo Udalak Loidi Barreneko pilotalekuan antolatu duen dantzaldian.
Euria eginez gero, Sagardotegi kalean egingo diren ekintza guztiak, Loidi Barreneko pilotalekuan egingo lirateke.
Euskal Inauteriak
Igandean, berriz, ohitura den legez, Euskal Inauterien konpartsa aterako da.
Goizean, 12:00etatik aurrera, euskal doinu eta dantza desberdinak erakutsiko dituzte herriko kaleak alaituz. Gainera, saio honetan, berrikuntza bat dakarte, Oriako Sorgin dantza.
Horregatik, konpartsako lagunek herritarrak animatu nahi dituzte jaian parte hartzera.
Arratsaldeko saioan, 18:15an hasi eta 19:30ak aldera, erdigunean, Lasarte-Oriako inauteriei amaiera ematen dien ekitaldia egingo dute, hartzaren erretzea.