Bergoi, Xalba, Jaxinto, Aiala, Beñat, Aitziber, Irati eta Endikak unibertsitate, lantegi, gaztetxe, kalean eta oro har, gazte mugimendua ziharduten gure antzera, horrexegatik honatx, Lasarte-Oriatik gure babes eta besarkada beroena beraiei, senideei eta lagunei, azken boladan bizitzen ari diren bidegabezko egoerarengatik.
Aurreko astean eman ziren gazteen atxiloketak ez ziren egun batetik besterako kontua izan, gazteek bizi izan duten jarraipen eta indefentsioa, azken urteetan maiz bistaratutakoaren ari beretik dator. Gazte mugimenduko eragile desberdinetako kideak uneoro kokatzen gaituzte errepresio bortitz eta basatiaren jo-mugan, gure eskubide zibil eta politikoak erabat murriztuz. Herrian herriarentzat eginiko lana oinarri harturik, injustiziaz beteriko demokrazi ustel baten aterkipean denak balio duenaren aitzakia erabiliz, euskal gazteria kriminalizatzea bilatzen dute estatu espainiar eta frantsesek.
Bada, orain bi aste Izpuruan zortzi gazte horiek jendaurreko itxialdi bati ekin zioten azken hilabeteetan bizitzen ari ziren egoera salatu eta estatu espainiarrak iragarritako bidegabezko estradizio euroaginduari muzin egiteko. Gazte horiek beren etxeetatik ihes egin beharrean aurkitu ziren, pasa den Urrian estatu espainiarreko hatzaparrek modako sarekaden tresna errepresiboaren bidez atxilotu nahi izan zituztenean, torturatuak eta inolako eskubiderik gabe espetxeratuak izateko beldurrez.
Guk ez dugu hautatu gure sorterria, baina Euskal Herrian jaioak gara; zorionez, edo batzuen zoritxarrez, herrian lan egiten dugu bestelako Lasarte-Oria bat lortzeko. Hortaz haratago gure hitza, kultura eta herria zapalduak izatetik, errespetatuak eta aske izatera pasa daitezen egiten dugu lan egunero, ahal dugun neurrian. Egunak daramatzagu, hilabeteak, urteak, hamarkadak…eta beharbada oraindik ere, kolpe gogorrak jasoko ditugu Euskal Herrian bizi garen eta lan egiten dugun gazteok, baina horretarako jaioak bagara ere, ez dugu etsiko gurean!
Halaber, lerro hauen apaltasunetik, bihar larunbata eguerdiko 12etan udaletxe aurrean burutuko dugun elkarretaratzera hurbil zaitezten eskatzen dizuegu herrikideok. Inauteriak badira ere, Euskal Herrian gazte izate hutsagatik pairatzen ari garen kriminalizazio egoera eta, eskubide zibil eta politikoen urraketa larria salatzeaz gain, Izpuruko gazteei babesa adierazteko.
Herriko gazte independestistak