Ikerketa batzordea
Ezker abertzaleko zinegotziek Somotora bideratutako kooperazio laguntzen ikerketarako komisio bereziak orain arte egin dituen eta hartu dituen erabakien balorazioa egin zuen. Zinegotzien ustez, ikerketa batzordea "larri dago" eta hainbat oztopo eta arazo daudela azpimarratu zuten, "PSEE eta PP saiatu dira ahal den oztopo, zailtasun eta erritmo geldoa ezartzen, helburu bakarrarekin: presarik gabe azukre koxkor bat bezala desegiten utzi batzordea ikerketa amaitu ez dadin".
Eskatutako dokumentazioa ez izatea edo agerraldiak lotuak ez egotea eta batzorde buruak nahi dituenean jartzea dira oztopoetako batzuk.
"Agertu beharreko zenbait pertsonen agerraldia oztopatu da, hala nola, Somotoko alkate ohiarena, OHOLSeko arduradunena eta Delloite enpresako arduradunena... Salagarriagoa da batzorde buruak onartutako udaleko hainbat arduradun edo kargu ohi ez agertzea, abisua eman eta gero," jakin arazi zuten prentsaurrekoan.
Honetaz gain, batzorde buruak Encinas PPko zinegotziak haienganako duen jarrera salatu zuten, berriro ere.
EAJko zinegotzi Estitxu Alkortak salatu zuen, Zaballos alkateak, PSEE eta PP alderdiek ikerketa batzordea mantsotzen dutela: “Ikerketa batzordeak amaiera data bat du, hauteskundeak eta ez da denborarik geratzen” adierazi zuen Alkortak.
Hala ere, asteleheneko ikerketa batzordeko saioan kronograma bat eta apirilaren erdi alderako ondorio txostena egotea adostu zutela jakin arazi zuen, “PSEEren abstentzioarekin”.
Halabaina alderdiak ez dira fio eta ezin dute ziurtatu egutegi hori aurrera eramango denik. Esate baterako, Hamaikabat alderdiko Jexux Izetaren ustez, “hasieratik genekien batzordeak ezer ez zuelako argituko, baliogabekoa izango zela”.
Era berean, Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratuko duen informazioa ez ditu herriko alderdiak sorpresaz hartzen.
Somotoko albisteak
Ezker abertzaleko zinegotzien ustez, "informazioa guztiaren azterketa eta ikerketa egin behar da eta zein ekintzak aurrera eraman ahal diren ikusteko"
Agertutako berriek Ikerketa batzordeari bultzada ematea espero duela adierazi zuen Ana Prieto, LOHPko zinegotziak. “Egunkari honek gure alderdiak lau urtetik hona sarri egin duen salaketa egiaztatzen du, Somotoko kooperazio ez dela ongi kudeatua izan eta ez dela kontrolik egon”, aipatu zuen.
Alderdi jeltzaleko Estitxu Alkorta ere bat etorri zen iritzi horrekin eta “diktadore moduan, laguntzen jabe izan da. Guk hori salatu dugu, entzun nahi izan diguten erakundeetan” atxiki zuen.
Horretaz gain,”2007an agertu ziren bideoetan ikusi ahal zen, zein den Anaren kooperazioari buruzko ikuspegia eta hala ere, PSEEk bere karguetan mantendu zuen”, adierazi zuen.
Era honetara, PSEE alderdiaren erantzukizuna ere salatu zuen Alkortak eta horrekin bat agertu zen LOHP ere: “Plataformak azaroaren 2006an, Patxi Lopez, Miguel Buen eta Alberto Bueni eskutitzak bidali genizkion guk eskuratutako dokumentuekin eta abenduaren 25an, Capital aldizkariko informazioa ere bidali genien”.
Azkenik, “albisteak egia badira dagokien erakundeek ofiziozko salaketa egin behar dute,” esan zuen Alkortak.
Erregistroan eskaera
Gauzak honela, Noticias de Gipuzkoa egunkariak Ana Urchueguiaren jabetzei buruz egindako albistea kontuan izanik, alderdiek Lasarte-Oriako alkate ohiaren ondasun eta jardueren aitorpena eskatuko dute erregistroan.
“Dokumentu publikoa da eta lortzen badugu, ikerketa batzordearen esku jarriko dugu, bertan aztertzeko” jakin arazi zuten.
EBren prentsa-oharra
Bestalde Ezker Batuako zinegotzia Ricardo Ortega prentsaurrekoan egon ez bazen ere, prentsa-ohar baten bidez, oposizioko beste alderdiekin bat etorri zen ondasun eta jardueren aitorpena eskaera egitearekin.
Honetaz gain, oharraren arabera, Fiskaltzak hartuko duen erabakia kontuan hartu gabe, beti ere, delitua balego, PSEE alderdiak eta Urchueguiak azalpenak eman behar dituela adierazten du, alkate ohiak Somoton egindakoa argitzeko.
Udalak azalpenik ez
Egun hauetan alderdi desberdinak ari dira erantzukizunak eskatzen.
Txintxarri aldizkaria Lasarte-Oriako udalarekin jarri da harremanetan eta Somotoko berriei buruz, momentuz alkateak ez duela ezer esango jakin arazi digute.