LOKEko judokek domina ugari lortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 4a

LOKEko judo saileko gazteak txapelketaz txapelketa ibili dira otsailean zehar, Estatuko sanbo txapelketa, Euskadiko junior eta kadete txapelketak, 23 urte azpiko, infantilen eta alebinen Gipuzkoako txapelketak...
Maila desberdinetako judokek bere balio erakutsi dute eta hainbat txapeldun eta domina berri daude Gorka Aristegik zuzentzen duen taldean.

Euskadiko txapeldunak

Larunbatean, Gasteizen Euskadiko junior mailako judo txapelketa ospatu zen.
Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunez, “emaitzak oso onak izan ziren.” Gainera, gazteek eskainitako mailarekin oso pozik agertu da. Izan ere, LOKE taldeko sei judoka gazte egon ziren lehiatzen eta seiek eskuratu zuten dominaren bat.
Leire Zubizarretak, Josu Olmos eta Mario Garridok titulu berria dute haien garaipen-zerrendan batzeko, Euskadiko txapelduna izatearena, hain zuen ere.
Entrenatzaileak azaldu digunez, hirurek haien borrokak erraz irabazi zituzten eta Josu Olmosek, gainera “oso maila altua erakutsi zuen”.
Bestalde, Kiara Tobajas, Asier Sagasti eta Esteban Martinezek brontzezko domina eskuratu zuten.
Entrenatzailearen hitzetan, Kiararen “postua ez da txarra baina bere eskua zegoen hobetzea.”
Martinezen kasuan, zera azaldu du Aristegik, “borroka guztiak irabazi ditu, baina final aurrekoan bere klubeko kideak, Mariok irabazi dio”.
Gauzak honela, Mario, Josu eta Leirek Espainiako txapelketako sektoreko sailkapenean parte hartuko dute, martxoaren 19an.

Sanbo lehiaketa

Bestetik, asteburuan, Gijonen Estatuko senior eta jubenilen mailako sanbo txapelketa jokatu zen.
Honetan, LOKEko hiru gazte Estatuko txapeldun izendatu ziren.
Murtziako Errendimendu Handiko Zentroan dagoen Amaia Curielek senior eta jubenil mailan parte hartu zuen eta bietan egon zen podiumean, senior mailako Estatuko txapelketa eskuratu baitzuen eta jubenil mailan, zilarrezko domina.
Era berean, Mario Garrido eta Josu Olmosek ere lan paregabea egin eta haien mailako txapela eskuratu zuten.

Gipuzkoako txapelketa

Otsailaren 13, berriz, Gipuzkoako 23 urte azpikoen txapelketa egon zen Lezon.
Honetan bost judokek podiumean egotea lortu zuten.
Kiara Tobajas eta Esteban Martinezek bigarren postua eskuratu zuten haien mailatan eta Leire Zubizarreta, Mario Garrido eta Asier Sagastik hirugarrena.

Kadete txapelketa

Era berean, otsailaren 12, Gasteizen Euskadiko kadete mailako txapelketa egin zen.
Lan ona egin zuten Gorka Aristegiren gazteek eta bi domina ekarri zituzten Lasarte-Oriara.
Kiara Tobajasek zilarrezkoa postua eskuratu zuen eta Josu Olmosek hirugarrena. Abayuba Gutierrezek ere txapelketan parte hartu zuen eta bere mailako bosgarrena izan zen.

Infantil eta alebinak

Bestalde, lehengo igandean ere, infantil eta alebin mailako judokek lehiaketak izan zituzten, Lezon.
Infantil mailako Gipuzkoako txapelketan hiru brontzezko domina eskuratu zituzten Gorka Aristegiren mutilek.
Esteban Garcia, Fermin Balda eta Oscar Garridok haien mailako hirugarren postua eskuratu zuten.
Hauetaz gain, aipagarriak dira, Iñaki Fernandez eta Asier Zubizarretaren bosgarren postuak.
Bestalde, Landaberri-Sasoeta ikastetxeetako alebin taldeek ere lurraldeko txapelketa izan zuten.
Bai neskek, baita mutilek ere bosgarren postua eskuratu zuten.