“Elkartasun bidaia izan da Italiakoa”

itxaso-moreno 2011ko martxoaren 4a

Euskal Herriarekin 5. Nazioarteko Elkartasun Astea egin zen Europa eta Ameriketako hogei herrialdetan otsailaren 13tik otsailaren 20a bitartean. Askapena erakunde internazionalistak eta Euskal Herriaren Lagunak nazioarteko elkartasun dinamikaren izenean antolatutako astea izan zen. Ekimen politiko, sozial eta kulturalak antolatu zituzten, Eskubide zibil eta Politikoak Euskal Herriarentzat. Autodeterminazioa orain! lelopean. Ekimen honen barruan Nahia Iparragirre, Aitzol Lasa, Zarautz, Tomas Arruti eta Pontxo Morales herritarrak Turin eta Florentzian egon ziren txalaparta, pandero, trikitixa eta adarraren doinuak zabaltzen.

Asteburuko bidai azkar batean Turin eta Florentzian izan ziren bost herritarrak. Euskal Herriaren Elkartasun Astearen barruan, euskal doinuak eraman zituzten Italiako bi herrialde hauetara. Bidai honi buruz hitz egiteko Tomas Arruti eta Pontxo Morales lasarteoriatarrekin bildu gara.
Otsailaren 18an, ostiralean Loiuko aireportutik atera ziren bi musikariek beste hiru lagunekin batera: “bidai intentsu honetan txalaparta jo eta gure herriko doinuak eraman ditugu”.

Askatasuna eraikina

1996. urtean okupatu zuten behean ikusten den eraikin gorri hori eta garai horretan jarri zitzaion gaur egun daukan izena, Askatasuna. Izen honekin da ezaguna. XX. mendearen amaieran “italiar ugari zegoen euskaldun jendearekin harremanetan eta hortik etorri zen izena” azaldu digute bidaiariek. Askatasuna eraikin autogestionatua eta oso handia da “kontzertuetarako lokalak, barra, sukaldea, gimnasioa, logelak, haurtzaindegia... denetik dauka kultur etxe funtzioa betetzen duen eraikin honek”. Antolamendu ordenatua eta auzoarekin inplikazio handia dute Askatasuna eraikinean: “krisialdi garai honetan kalean geratzen ari den jendeari babesa ematen saiatzen ari dira, kale gorrian geratu ez daitezen”.
Eraikina Turin hiriburuan dago eta hain zuzen lurralde italiar hori izan zen lasarteoriatarren asteburuko lehenengo geralekua Italian. Askatasuna eraikinean otsailaren 18an euskal doinuak entzun ahal izan ziren beraiei esker, baina horietaz gain Korsikar eta italiar talde bik ere hartu zuten parte antolatutako ekitaldietan.
70 pertsona bildu ziren bertan eta momentu bitxi bat ere izan zen Korsikar eta euskaldunen artean. Korsikarrek Mikel Laboaren Hegoak Ebaki Banizkion abestia jo zuten eta euskaldunak animatu egin ziren: “gu inprobisazioan sartu ginen eta fusio polita sortu zen”.

CPA FI SUD

Turin utzi eta Florentziara abiatu ziren lasarteoriatarrak. Berriro ere, beste eraikin autogestionatu batera salto eginez. Oraingo honetan, 1986an sortutako, Centro Popolare Autogestito Firenze Sud-era.
Oraingo honetan musikaz gain hitzaldiak ere antolatu zituzten Euskal Herriaren egoeraren berri emateko “bertan Etxerat-eko kide bat, preso baten iloba eta atera berri den preso baten bidez helarazi zitzaien gure herriaren berri”. Hitzaldia bukatu eta berriro txalapartari ekin zioten Tomas Arruti eta Pontxo Moralesek. Amaitzean bi talde italiarrei eman zieten paso.
Honen ostean “100 pertsona bildu ginen afari herrikoian parte hartzeko eta Euskal Herriari elkartasuna adierazteko”.

E.H.ren berri zabala

Euskal musikaz gain euskal kultura beste herrialde batzuetara zabaltzea izan dute helburu antolatzaileek “programazio zabal baten bidez euskal herriaren arlo ezberdinak jorratzea”. Hemen pairatzen den egoera “zabaldu eta gatazkaren alderdi ezberdinak hurbileko jendearen bitartez kontatzea”.
Hitzaldiak, musika eta “nola ez ba” afariak,... horrela hurbildutakoak gure herriaz gehiago jakiteko aukera izan dute, “batzuek hala ere gaian murgilduak zeuden”, hau da, batzuentzako dena berria zen bitartean “beste batzuek galdera zehatzak egiten zituzten”.
Egun interneti esker nahi den informazioa eskuratu daiteke “gauza da jakitea non bilatu behar den eta hauek bazekiten non aurkitu, horrek asko harritu gintuen”.
Txalapartak ere zirrara eragin zien italiarrei, “batez ere jotzeko gogoa, probatzekoa zeukaten” bi herritarrek adierazi digutenez: lehendabizi beraiek jo, hainbat detaile azaldu eta gero “utzi genien probatzen”.

Elkartasunaren bila

Euskal Herriak askotan erakutsi dio beste herrialdeei bere elkartasuna “beste herrialdeekiko hitzaldiak, kontzentrazioak antolatzen ibili gara, azken finean gure elkartasuna beste herrialdeei adierazten, baina oraingoan gu izan gara elkartasunaren jasotzaile”.
Bai Turinen eta bai Florentzian denetarik bildu da, talde anitz eta adin ezberdinekoak izan ziren “arraro sentitzen zara talde heterogeneo batetik elkartasuna jasotzen, baina esperientzia oso polita da”.
Euskal Herriaren egoera ez da bakarra Europan “Korsikarrak berdin daude, euren independentzia aldarrikatzen dute. Europaren barnean gaude guztiak, eta elkartasunean oinarritu behar gara indarrak eskuratzeko”.

Giro euskalduna

Florentziako eraikin autogestionatuan jotzen hasi zirenean, bertan erasmus programari esker zegoen nafar batek, “fandangoa entzun, erdira atera eta dantzatzen hasi zen. Horrek bai harritu zituela han bildutako guztiak”.
Gainera, musikalari hauen aburuz italiarrak baino Florentzian eta Turinen zeuden euskaldunak harritu ziren gehien haien presentziarekin “kartelak ikusi eta zer izango ote zen galdetu zioten euren buruari, ikustera pasa eta flipatu egin zuten Euskal Herriaren eguna Italian ospatzearekin”.

Igandean, etxera buelta

Florentziako gauak luze jo zuen musika, dantza eta giro onari esker. Baina gauza guztiak bezala bukatu eta Lasarte-Oriara bueltatzeko ordua iritsi zitzaien bost lasarteoriatar hauei.
Bidai azkarra izan da, ostiraletik igande bitartekoa, baina esperientziaz beterikoa “oso intentsua eta polita izan da bertako jendearekin biltzea eta euskaldunoi eskaini diguten elkartasun hori pertsonalki jaso ahal izatea”