Pilar Soberon “Diziplina anitzetan diharduen artista bikaina” dela esaten du Aranzastik liburuaren hasieran, espresiobide asko erabiltzen dituena: “argazkilaritza, performancea, marrazkigintza, eskulturgintza, margogintza, grabatua, bideoa, soinua, haizea, airea, lurrinak, haziak,...” Naturan jasotako elementuak erabiltzen ditu bere lan edota instalazioetan eta saiatzen da mugimendua arte bihurtzen. Sarri bere lana ikusleek beraiek osatu edo aldatu dute.
Oso izen esanguratsua dauka liburuak, nondik atera duzu?
Nire arte lan batek oro-grafik du izena, orografiatik (mendien deskribapena) dator, baina orok euskaraz dena ere esan nahi du eta horrexegatik da oso baliagarria. Gustatzen zait hizkuntzarekin jolastea, arte-lanen izena batzuetan euskaraz da, bestetan gazteleraz edo ingelesez. Nahastu egiten ditut.
Gasteleraz orok beste esanahi bat dauka,...
Arte lan batzuetan urrea erabili dut. Metaltze prozesu bat da, metalezko geruzak ematen dizkiet, hiru geruza kobrea eta azkena urrea. Azken finean kromatze bat da urre kolorea ematea.
Oro hitza egoki datorrela uste dut denetarik egiten duzulako. Bestalde, ikusleen parte hartzea ere bilatzen duzu,...
Bai, azken bi erakusketetan hori egin dut, arte lana bat planteatu kanpoan eta beste bat barruan, ikuslearen esku hartzea bilatuz. Nire arte lanak beste testuinguru batean kokatuz zentzua aldatu eta beste esanahi bat hartzen dute askotan. Niretzat esanahi gehiago izateko bide polita da ikuslearen parte hartzea eskatzea.
Astigarraren hostoekin egindako lanean, hauek 100 pertsonari bidali diezu, nahi zutena egiteko eskatuz...
Bai beraien irudi edo bideoak iritsi ahala, nik bideo batean jaso eta lan hori pixkanaka nola osatzen ari zen ikusten zen gero erakusketan bertan. Beraz hor arte lan bat bere prozesuan zegoen, denen artean pixkanaka sortzen. Oso interesgarria iruditzen zait. Batez ere, artistak edo pertsonak gure munduan egoten gara, munduaren zilborra garela uste dugu, eta askotan aberasgarri da gauzak beste ikuspuntu batetik begiratzea.
Nori bidali zenien hostoak?
Hasieran nirekin lotutakoei, nire ikasleei, irakasleei, artearekin lotutako pertsonei, arte-galeriei, ... eta gero batzuek galerian bertan utzi nituen bertatik pasatzen zirenek ere parte hartzeko aukera izateko.
Natura oso presente dago zure lanean. Hostoak, haziak, itsasoa,...
Bai, azkenak sorgin lorea, (diente de leon), gaztainaren oskol eta astigarraren haziekin egindakoak dira. Naturan jakintza asko dago, asko ikasi dezakegu, erabilitako egitura, konposaketa, dena, .... ingeniaritzan ere gaur egun armiarmen sareen indarra ikertzen da esate baterako, badirudi asko dakigula baina egia esan gizakiok oraindik pila ikasi behar dugu, eta naturan iturri oso aberatsa daukagu.
Artea egiteko modu honi, arlo asko jorratzeari, nola deituko zenioke?
Historian zehar beti izan da, bakoitza bere arloan, eskultura, pintura edo marrazkian, baina nire ustez eta Leonardo beraren ustez artistak behar duena erabili behar du, eta berdin dio gero zer izen duen. Nik testuinguruaren arabera behar dudana erabiltzen dut. Eta horrek lan asko ematen du, zeren animazio bat egiteko hori ikasi behar duzu eta denbora eskatzen du, baina beharrezkoa bada,...
Marrazkia, eskultura, teknologia berriak,... denetarik egiten duzu?
Horrelako prestakuntza jasotzen dugu, Arte Ederretako fakultatean denetarik ikasten dugu, zeramika, argazkilaritza txuri beltzean eta koloretan, ordenagailua, bideoa,...
Zer moduz zure azken erakusketak Artecon Donostian eta Vanguardian Bilbon?
Oso ondo. Biak izan ziren espazio horretarako prestatuak. Asko erabiltzen dut hori, artea in situ egitea, horrexegatik gustuko ditut horrelako proposamenak. Alde horretatik pozik geratu nintzen.
Zer moduzko harrera dute ikusleen aldetik?
Ona, nik uste gustatzen zaiela, hori esaten didate behintzat. Oso erakargarriak dira. Dena den nik ez dut ikuslearen arabera lan egiten.
Arte Ederrak ikasi zenituen, txikitatik margotzen zenuen?
Bai, beti esaten nuen pintora izan nahi nuela, baina Arte Ederrak ikasten eskulturak asko erakarri ninduen eta pixkanaka bideoak eta gaur egungo teknika berriagoak erabiltzen hasi nintzen. Azkenean denetarik lantzen hasi eta gaur egun horrela egiten dut, gauza batzuentzat argazkilaritza erabiltzen dut, beste batzuetan instalazioak,... Hauetan denetarik ikusten dugu eta ez gaitu harritzen: bideo bat eta ondoan argazkia. Eta dena lan berean dago.
Sari asko jaso al duzu?
Ez, bat edo beste. Berriki, hau, liburua argitaratzeko aukera. Oso zaila da, artista pila bat gara, denak proiektu askorekin eta denak eskean,... Erakusketak egin ondoren eskatu nuen laguntza, bereziki azken bi urtetako gauzak erakusteko. Instalazioak oso efimeroak izaten dira, hosto petaloak sabaitik zintzilikatuta jarri eta garai batean bere usaina ere bazuten, baina zer geratuko da hortik? liburuan ez baduzu uzten galtzen dira. Ez dago beste ezer. Erakusketa bat pasa denean pasa da, horrela da bizitza ere. Saltzeko ere oso zaila da.
Mugimendua arte bihurtzeko asmo hori zertan da?
Arteko galerian jarritako Connexions marrazkietan ikusten da. Mugimendua adierazten dute marrek, astigar hostoetan ere nabaritzen da, gorantz jarrita zeuden hegan egingo balute bezala. Agian emakume naizelako. Bada desberdintasun bat generoaren arabera, beste modu batekoak gara. Agian gizonezkoak dena finkatuta jarriko luke eta guk kontrakoa, mugimendua. Horrelako egiturak garatzen ditugu.
Bestela irakaslea zara ezta?
Bai. Lehen umeekin aritzen nintzen eta orain batxilergoan, pozik, gustuko dut eta.
Ogibidea bilatu behar da.
Etorkizunari begira proiekturik ba al duzu?
Azken lan hauek erakutsi nahi ditut. Batez ere eginda daudenak. Gerora ikusiko dugu. Liburuaren PDFa zintzilikatuko dut nire blogean, azken finean liburuaren helburua jendeak ikustea da eta.
Ez dut ezer baztertzen, agian bihar hasiko naiz pintatzen, proiektuaren arabera, baina seguru aski ez. Oso finkatuta dago nire bidea, zer erabiltzen dudan zehaztuta dago jada, ikusten da gutxi gorabehera eredu batzuek errepikatzen ditudala: instalazioa, argazkilaritza,...