Danok Kideren Zinema Soziala zikloa hastear dago

Txintxarri Aldizkaria 2011ko mar. 4a, 01:00

Danok Kide elkarteak, Lasarte-Oriako kultura sailaren laguntzarekin, VII. Zinema soziala zikloa antolatu dute.
Hiru saio izango ditu aurtengo edizioak eta hurrengo astelehenean, martxoaren 7an hasiko da.
Aurreko urteetan bezala, sarrera doakoa izango da eta Manuel Lekuona kultur etxeko aretoan izango du leku. Eta orduari dagokionez, saioak 17:30ean izango dira.

Gizarteko gaiak

Zinema ziklo honen helburua, herritarrek jorratzen diren gaiekiko sentsibilizazioa eta interesa sortzea da.
Horregatik, filmeetaz gain, gaiarekin zer ikusia duten elkarteak gonbidatzen dituzte haien esperientzia azaltzeko.
Aurten gizarteko gaiak izango dira jorratuko direnak, adimen urritasuna, inmigrazioa eta kooperazioa.
Adimen urritasuna izango da astelehenean aztertuko den gaia. Horretarako Yo, también filma eta Gureak taldeko tailerretako arduradun bat izango da aretoan.
Martxoaren 14an, inmigrazioa izango da gaia. Esperanza Latina elkarteko kideak egongo dira bertan eta Agua con sal filma izango da ikusgai.
Azkenik, martxoaren 21ean, Medicus Mundi elkartearen eta Retorno a Hansala pelikularen eskutik kooperazio eta elkartasunaren gaian murgilduko dira saiora hurbiltzen direnak.

Herritarrak animatu

Danok Kide elkarteak herritarrak animatu nahi ditu Manuel Lekuona kultur etxeko aretora hurbildu eta saio hauetan parte hartzera.