Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez, “arratsalde borobila izan zen”.
Izan ere, Iñigo Ibarburuk gazteak Espainiako bi gutxiengo marka eskuratu zituen, 100 libre proban eta 100 tximeleta proban.
“Benetan denbora ikusgarriak lortu ditu Iñigok,” adierazi du Buruntzaldea Igeriketa taldeko entrenatzaileak.
Marka hauek lortu ondoren Ibarburu martxoaren 18, 19 eta 20an Sabadellen ospatuko den Espainiako Infantilen Neguko Txapelketan izango da.
Iñigoz gain, taldeko beste hiru igerilarik parte hartu zuten proba honetan.
Garazi Alkortak eta Jone Vazquez-ek 400 m. libre proban Euskadiko gutxiengo marka lortu zuten
Itsaso Tolosak 200 eta 100 bizkar probetan hartu zuen parte eta 200 m.-tako bere marka berdindu zuen.
100 bizkar proban, berriz, benetako aldaketa eman zuela jakin arazi digu Apeztegia entrenatzaileak, Espainiako gutxiengo markara asko gerturatuz.
Gauzak honela, asteburu honetan, Garazi, Jone, Unai Kevin, Iñigo, Itsaso eta Mikel Arribillaga Euskadiko txapelketan lehiatu dira.
Honetan Estatuko txapelketarako gutxiengo marka gehiago eskuratzeko aukera zutela jakin arazi zigun, Borja Apeztegia entrenatzaileak.
Zenbaki honen edizioa amaitu baino lehen ezin izan dugu txapelketako emaitzarik lortu.
Txikiak ere primeran
Bestalde, igeriketa taldeko txikienek, lehengo larunbatean, Kirol Zehaztasun ligako 3. jardunaldia izan zuten Hernanin “garaipen askorekin eta markak hobetuz”.
Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez, Irati Arzallus, Izadi Billaron, Nerea Garcia, Iker Chaves, Alex Urbano eta Eneko Otero benjaminek “50 metro bular proban parte hartu zuten lan polita eginaz”.
Maila bereko 100 metro bular proban, “nagusitasun osoz jokatutako serie guztietan Buruntzaldeako igerilariak izan ziren lehen postuetan agintzen”.
Nesketan Nahia Jie-k “erakustaldia eman zuen. Nesketako sailkapen orokorrean irabazteaz gain, Gipuzkoako markarik onena lortuz. Mutilek ere ezin izan zuten Nahiaren marka hobetu,” jakin arazi du.
“Oso gertu” amaitu zuten proba taldeko Leire Carcedo, Amaia Izagirre, Erika Rodriguez, Nora Irazusta eta Eneritz Buizak.
Mutiletan, Jon Soto lehen postuagatik borrokatzen ibili zen eta “marka bikaina” lortu zuen. Bere taldekideak diren Ibon Etxarrik eta Argoitz Tardiok ere “proba oso ona” egin zuten.
Azkenik, 6x25 metro tximeleta erreleboan parte hartu zuten Jon Soto, Nora Irazusta, Nahia Jie Villamediana, Leire Carcedo, Ibon Etxarri eta Argoitz Tardiok.
“Lehen metroetatik probaren agintea hartu zuten eta txapeldunak izan ziren nagusitasun osoz. Azkar igeri egiteaz gain, tximeleta estilo dotorea erakutsi zuten,” aipatu du.
Era berean, alebin mailako igerilariek ere lan ona egin zutela aipatu du Apeztegiak.
50 metrotako “proba azkarrean” parte hartu zuten Maialen Casado eta Janire Berasartek.
Mutiletan berriz, Beñat Alkorta eta Iñaki Etxebestek “oso proba polita egin zuten, estilo dotorearekin txukun igeri eginaz”.
Honetaz gain, 200 metro bular proba “gogorrean” parte hartu zuten Maialen Casado, Janire Berasarte eta Beñat Alkortak.
“Oso proba txukunak egin zituzten eta azken metroetaraino indarrak atera zituzten,” aipatu du entrenatzaileak.
Proba honetan, gainera, Mikel Sotok garaipena lortu zuen. “Lehen 100 metroetan, indarrak ondo gorde zituen eta bigarren ehunekoan erakustaldia eman zuen. Progresiboki erritmoa azkartuz, probaren agintea hartu eta proba lehen postuan amaitu zuen,” azaldu du taldeko entrenatzaileak.