Lasarte-Oria VS. Azpeitia bertso desafioa

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 7a

Lasarte-Oriako bertsolariak Gipuzkoako txapelketarako prestatzen jarraitzen dute eta hilabete honetan Azpeitiko Bertso Eskolari bota diote desafioa.
Zabaletako auzoko lagunak izango dira orain bertsoaz gozatuko dutenak. Izan ere, Antonio Blas Plazako garajean neurtuko dituzte indarrak martxoaren 11n, ostiralean. Afariaren ostean desafiorako txanda izango da, gaueko 22:30ak aldera.
Lehenengo desafioa Zarautzen kontra izan zen, bigarrenena Gabiriaren aurka eta oraingoan Azpeitiarrak izango dituzte lehiakide.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa jokatuko den urtea da 2011 hau. Ehundik gora lagun izena emateko aurreikuspena dago, eta kopuru handi horrek txapelketaren ohiko egitura zabaltzea eragingo du. Azken fasea udazkenean jokatuko da, baina aurretik, udaberrian, galbahe funtzioa izango duten herrikako kanporaketak jokatuko dira.
Honekin guztiarekin, jendaurrean aritzeko aukera bat eman eta bertso jaialdi dotorea egitea dute helburu antolatzaileek eta bertsolariek.