Urtero antolatzen dute goizean emakumeentzat tailerren bat, iaz murala egin zuten lan eskaintzetan gizon eta emakumeen artean izaten diren desberdintasunak salatzeko, eta aurten birziklapen tailer bi egingo dituzte, eguraldi ona baldin bada Brigitarren komentu aurreko plazan eta eguraldi txarra baldin bada Zentro Zibikoaren egoitzan. Bihar, goizeko 10:00 eta 12:00ak bitartean, sormen birziklapen tailerra deitu dioten ekimena burutuko da, diru-zorro eta poltsak egingo dituzte birziklatutako materialak erabiliz, besteak beste, aldizkari zaharretako papera, kristalezko poteen tapa edota plastikozko botilak.
Nahi duten emakumeek parte hartu dezakete helburu gisa birziklapenaren garrantziaz jabetzea duen tailer honetan.
Bihar arratsalderako, bestalde, Zentro Zibikoan zinema eta hitzaldia antolatu dituzte. Batetik arratsaldeko 17:00etan Gracia Kerejeta, Hernaniko Elias Kerejeta produktorearen alabaren "Siete mesas de billar francés" filma eskainiko da. Filmak emakumearen egoera eta lan munduko egitura ezberdinetan esku hartzeko aukerak jorratzen ditu.
Emakume indartsua
Zuzendaria emakumezkoa da eta hain juxtu Gracia Querejetak aspalditik erakutsi du bere filmetan sozialki interesgarriak diren gaiei heltzeko trebetasuna. Zentro Zibikoan emango den dramak 2007ko Donostiako zinemaldian gidoi onenari saria jaso zuen. Emakume protagonistak hainbat zailtasuni egin beharko die aurre, eta trabak gainditzeko emakumeek duten indarra erakusten du.
Ondoren, arratsaldeko 18:30ean Nagore Vazquez psikologoak hitzaldia emango du emakumeek lanean dituzten arazo eta gizonezkoekin oraindik dituzten desberdintasunei buruz.
Nagore Vazquez berak aurreratu digunez, lan munduan oraindik dauden desberdintasunak izango dira hitzaldiaren oinarria: "Gauzak asko aldatu dira azken 40 urteotan, orain emakumeak lan egiteko askoz aukera gehiago daukate, hezkuntzan ere asko hobetu da, emakumeak ondo prestatuak gaude, baina oraindik badira desberdintasunak, kasu batzuetan soldatatan, rol sexistek ere irauten dute, eta batez ere dedikazioan dago aldea, hau da, lanari eta bizitzako beste zeregin batzuei, esate baterako etxeko lanei, emakume eta gizonezkoek eskaintzen dioten denboran desberdintasun handiak dira". Hori guztia krisi garai honetan kokatuta, hitzaldi interesgarria izango da.
Nagore Vazquez-ek 2004tik hainbat ikastaro eman ditu Zentro ZIbikoan, besteak beste, barreterapia edota emakumeen auto-estimaren inguruan eta tarteka hitzaldiak ere ematen ditu.
Bestalde, ostiralean hilaren 11n Emakumearen Eguneko egitarauko beste bi ekitaldi burutuko dira. Batetik Helduen Hezkuntza Iraunkorreko taldeak Agatha Christieren "La Ratonera" antzerki lana eskainiko du arratsaldeko 19:30ean Manuel Lekuona Kultur Etxean.
Afaria Araetan
Urtero bezala, afari herrikoiarekin emango diote Lasarte-Oriako emakumeek bukaera martxoaren 8a dela eta antolatutako egitarauari. Araeta jatetxean egingo den afarira herriko emakume guztiak daude gonbidatuta, 24 euro balio du eta izena Zentro Zibikoan eman beharko da.
Bihar, asteartean, manifestazioa egingo da bestalde arratsaldeko 19:30ean Donostiako Boulevardetik abiatuta, patriarkatuaren aurka eta emakumeen borrokaren alde. Emakumeen ahotsa aldarrikatuko dute, emakumeentzat lanpostu duinak, lan eta ondasun banaketa, eta oro har emakumeen askatasunari eta eskubideei errespetua.
Emakumeen eskubideen aldeko borroka aurreko mendekoa da eta aspalditik gogoratzen da martxoaren 8an mundu osoan.
1908an piztu omen zen metxa. Orduan 146 emakume langile hil ziren erreta New York-eko tela fabrika batean: Lan baldintza kaxkarren eta soldata baxuen aurka egiteko fabrika barruan sartu eta itxi ziren eta ateratzeari uko egin ziotenean suzko bonbak bota zizkieten nagusiek. Esan bezala 146 emakume hil ziren eta ordutik mundu osoan ospatzen da bihar aldarrikapen eguna.