Giro ezinhobea inauterietan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 7a

Jendea jai giroz iritsi zen Sagardotegi Kalera larunbatean. 12:00etan eman zitzaion hasiera aurtengo inauteriei, Txupinazoarekin Lasarte-Oriako San Ferminei eman zitzaien paso.
Beti pozik beti alai Peñako kideak bota zuen txupina San Ferminen laguntzarekin eta Gora Inauteriak esan ostean, pintxo-poteoari ekin zioten plazan bildutakoek. Tabernaz taberna herriko kaleak zeharkatu zituzten txarangak markatutako erritmoari jarraituz. Arrieskalletan egindako txorizoa, Etxezarretak eskainitako salda eta bakoitzak ekarritakoarekin bazkaldu eta ekitaldiak hasi ziren: batukada, jotak, San Ferminen bila, Zero zabor dantza... eta eguna borobiltzeko desfile erraldoiari eman zitzaion paso.
Zumaburuko Isla plazatik atera zen desfile erraldoia, bertan Zentro Zibikokoak, Bakeroak, Indioak, Kuadrillategikoak, sorosleak, zezendak, Zabaletako hanpaluak, Erketzeko hippiak, peñak, erizainak... giro eder eta bikaina zalantzarik gabe. Eguna amaitzeko, Amalurrekoek erromeria eta Zabaletakoek txokolatea eskaini zuten.