Intzako pilotari gazteak finalaren bila

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 10a

Eskuz binakako Udaberri txapelketa amaierara iristen ari da.
Aste hauetan finalerdiak ari dira jokatzen eta III. mailako kadeteetan Xabi Rekondo eta Jon Presak osatutako Intzako bikotea dabil lehian.
Finalerdiak joan eta etorriko partidatan erabakiko dira eta bietako hoberenak martxoaren 20an jokatuko den finalean izango du norgehiagoka handia.
Intzako gaztetxoekin batera, Eibar, Zumaia eta Euskal Giroako bikoteak dira bi partida horietan finalerako txartela borrokatzen dutenak.

Porrota etxean

Gauzak honela, lehengo astean, joanekoa partidak jokatu ziren.
Michelingo kirol guneko pilotalekura hurbildu ziren herritarrek Intza eta Euskal Giroako bikoteen arteko partida ikusi zuten.
Intzakoek etxean jokatu arren, partida 14-22 galdu zuten.
Jose Felix Solano entrenatzaileak azaldu digunez, partida berdintsua izan zen, markagailuan 10-11 egon zenera arte.
Orduan, Euskal Giroakoek errenta hartu zuten eta Intzakoek ezin izan zioten partidari buelta eman.
Entrenatzaileak jakin arazi digunez, “Euskal Giroako mutilak urte bete zaharragoak dira eta horrek hobeto ibiltzea dakar. Eta hori partidan antzeman zen”.

Gogor hasi

Aste honetan, erronka zaila dute beraz, Intzako gazteek Herreran jokatuko den etorriko partidan.
Finalean egon nahi badute partida irabazi eta tanto-kopurua herriko taldearen aldekoa izan behar du.
Jose Felixek aipatu digunez, zaila baldin bada ere, egoerari buelta ematen saiatuko dira Intzako kideak. Horretarako, “gogor hasi beharko dugu eta errenta handia lortu”.
Eta, gainera, bikote honek txapelketan lan handia egin duela eta finalera iristeko gogoekin dagoela adierazi digu.