Amaia Gonzalez txapelduna Europan

itxaso-moreno 2011ko martxoaren 10a

Otsailaren 28tik martxoaren 5era bitartean, Torremolinosen, Malagan Europako Areto Dantza txapelketa ospatu da. Bertan, Amaia Gonzalez Caballero herritarak hartu du parte eta bi sari eskuratu ditu; aste betean, egun bakoitzean modalitate batean lehiatuz. Tangoa, bals-a, pasodoblea, salsa eta dantza konbinatua (tangoa, pasodoblea eta bals-a) izan dira txapelketan jorratutako dantzak. Europako dantza konbinatu eta pasadoble sariak ekarri ditu etxera Amaiak.

Europako pasodoble txapelketan lehenengo saria eta Europako dantza konbinatuan hirugarren postua, hauek izan dira Amaia Gonzalez Caballero lasarteoriatarrak Europako Areto Dantza txapelketan eskuratu dituen sariak. Jose Mari Orbegozo, azpeitiarra, bere betiko bikotearekin lortu ditu sari hauek. Laugarren aldiz, Europa mailako saria eskuratu du lasarteoriatarrak. Txapelketaren berri gehiago jakiteko berarekin egon gara.

Nolatan erabaki zenuten txapelketan parte hartzea?
Duela urte batzuk Euskadiko txapelketa ospatzen zen, eta gu bost aldiz izan gara bertako txapeldunak. Sari bezala Europako txapelketarako plaza eta gastu guztiak ordaintzen zizkizuten.
Orain txapelketa hau ez da burutzen, beraz, parte hartzeko zu zeuk eman behar duzu izena, edozeinek parte hartu dezakelarik. 2007tik ez gindoazen eta errege egunean erabaki genuen aurten bueltatuko ginela.
Beraz, inskripzioa egin, bikoteko 60 euro inguru ordaindu eta abenturan murgildu ginen. Aurten gu geu izan gara gastu guztiak, hotela, hegazkina, dietak ordaindu behar izan ditugunak, baina merezi izan du, sariekin itzuli garenean.

Zenbat bikotek hartzen dute parte gutxi gora behera?
Orotara 1.500 bikote inguru ibili gara Torremolinosen dantzan. Guk parte hartutako kategorietan egunero 800 bikoteekin lehiatzen ginen.
Finalera iristeko hiru selekzio pasa behar zenituen. Lehenengoa goizeko 10:00etan egiten zen eta hor kriba handiena egiten zen. Hurrengoa, arratsaldeko 15:00etan eta fase hau pasatzea lortzen zutenek gauean, 22:00etan, ospatzen zen finalean parte hartzen zuten.
Gainera fasez pasatzea zorte kontua ere bada, oholtza gainean momentu berean 5 bikote baitaude dantzan, eta mahaikideek ezin dituzte guztiak ondo kontrolatu.

Zenbat denbora izan duzue txapelketa prestatzeko?
Bi hilabetetan prestatu dugu guztia, deskantsatzeko denbora gutxirekin, gogorra.

Nola prestatu zara?
Toni Escartin izan dugu irakasle, koreografo internazional bat. Madrilen kurtsoak ematen ditu eta bertara joan gara koreografia, sekuentziak prestatzera. Hala ere, gero gu geuk izan gara gure estilora moldatu dugunak. Eta gero betikoa, orduak, orduak...

Hemendik eraman zenituzten prestatuta koreografiak?
Koreografiak gutxi gora behera 1,30 minutu irauten dute. Musika orkestratua da eta guk ez dakigu ze pieza joko duten, badakiguna estiloa da. Denbora ere, abestiaren arabera segundo batzuk gora behera joan daiteke.
Beraz, ezin duzu koreografia prestatuta eraman, pausu batzuk lantzen dituzu baina gero momentuan bertan moldatu eta inprobisaziora jo behar duzu. Hemen nabaritzen da bikote baten kalitatea.
Gainera zure aurpegiak naturaltasuna irudikatu behar du, dantzan ezin dira pausu mekanikoak egin, ezta espresiorik gabeko aurpegia eduki.

Aste betez dantzan, neketsua izan behar du, ez?
Oso neketsua. Egunero hiru txapelketa dira. Ia ez duzu deskantsatzeko denborarik. Nire ahizparekin joan nintzen, eta azken egunetan nire aurpegiak nekea islatzen zuela esaten zidan. Makilajeak ere konpontzerik ez zuena. Hala ere, indarrak atera eta aurpegia ematen duzu, ez duzu besterik.

Baina nekeak saria izan du.
Bai, Europako pasodoble txapeldunak eta dantza konbinatuan hirugarren geratu gara.
Aurten ez genuen hainbesteko saria espero, baina eskuratu dugu. Gainera pozik nago, Lasarte-Oria ordezkatu dut eta bi sari ekarri ditut.
Irabazle ginela esan zigutenean, ondoren egindako elkarrizketetan argi utzi nuen sari hau nire ikasleei eskaintzen niela, herrirako saria zela. Beraiek dira jarraitzeko gogoak eta indarrak ematen dizkidatenak, eta horregatik beraientzako da.

Zer esan zizuten ikasleek?
Oso kontent jarri ziren, sari garrantzitsua delakoa.

Nola sentitu zara oholtza gainean?
Urduritasun handia nabaritu dut nire barnean. Nire aita falta zitzaidan. Lehenengo aldia izan da bera gabe dantzatzen nuela, eta kosta egin zait. Eta bera gabe irabaztea... sarituak ginela esan zigutenean negarrari ezin eutsi ibili nintzen.
Eszenatoki bat gogorra da. Nik barnean nituen oroitzapen guzti horiek ez islatzen saiatu behar nintzen, irribarrea izan behar duzu beti.

Dantza irakaslea zara, non daukazu eskola?
Jaizkibel plazan, Andatza parean. Bertan estilo ezberdinetako klaseak lantzen ditugu; areto dantzak, latinoak, flamenkoa, sebillanak, klasikoa, sabel dantza, fanky-as, hip-hop... Gainera adin guztientzako tokia dago. Dantzak ez dauka adinik.

Matrikulazioa irekita dago?
Apirilean irekitzea dugu pentsatuta hastapenetan daudenentzako, eta gero udari begira, uztailean ikastaro intentsibo bat egiteko.