Somotoko auziak eztabaida handia sortu zuen

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 11

Egun hauetan Noticias de Gipuzkoa egunkariak argitaratu dituen albisteek atzo burutu zen Udalbatzarrean eragin nabarmena izan zuten. Ikusmin handia zegoen, EAJ eta LOHP alderdiek aurkeztu zituzten mozioengatik eta Ana Urchueguia alkate-ohiaren presentzia zela eta. Hori batzar aretoan islatu zen, herritarrez betea baitzegoen.
Hala baina, alkate-ohia ez zen atzoko Udalbatzarrera agertu. Eta mozioei dagokionez, EAJk eta LOHPk proposamen bana aurkeztu zuten.
Batetik, Fiskaltza eta Ogasunari ikerketa desberdinak irekitzeko eskaera eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari Somotoko kooperazioaren 2000 eta 2008 urte bitarteko kontuen auditoria egiteko eskaera egiten zuten.
Eta bestetik Urchueguia anderearen Ondasun Aitorpenaren eta honetan egon zitezkeen aldaketen dokumentuen eskaera egin zuten Diru laguntzen Ikerketa Batzordean aztertzeko.
Baina horietatik bakarra, Ondasun Aitorpenarena atera zen aurrera oposizioko talde guztien bozkekin eta PSEEren abstentzioarekin.
LOHPko zinegotziak dokumentu hori Udalak hirutan ukatu diola jakin arazi zuen eta legez publikoa dela. Ikerketa Batzorderako dokumentu baliagarria dela ere aipatu zuen Ana Prietok eta horrekin bat egin zuen EAJko bozeramaileak, Estitxu Alkortak.
Ezker Batuako zinegotziak “interesatua eta alderdia lehenengoak izan beharko lirateke dokumentu hori argitaratzen, hau guztia argitze aldera” adierazi zion PSEEri.

PPren mozioa

Bestalde, ikerketen eta auditoria eskaeren mozioa ez zen eztabaidatua izan.
PP eta PSEEk ordezko mozioak aurkeztu zituzten. Eztabaida luze eta etenaldi baten ostean, PSEEk PPren mozioarekin bat egin eta beste alderdi guztiak mozio horren aurka agertu baziren ere, PSEEren kalitatezko bozkarekin LOHP eta EAJrena bertan behera utzi zuten.
Onartutako bost puntuek honela diote: Ikerketa Batzordearekin amaiera arte iristea eta politikoki Somoto eta Lasarte-Oria arteko kooperazioan egon daitezkeen erantzukizunak egoztea; kooperazioko ekimenak zehaztasun eta gardentasunez egin daitezen Udalak beharrezko aldaketak egingo dituela; Urchueguia anderearen ondasunen aitorpenaren kopia eskatzen du ikerketa Batzordean aztertzeko; Udalak Herri Kontuen Euskal Epaitegiari Somotoko kooperazioaren kontuen auditoria egiteko eskaera dago ere eta azkenik, auzia irekiko balitz Lasarte-Oriako herritarren interesak defendatu beharko lituzke Udalak.
Ezker abertzaleak Somotoko diru laguntzen auziaren argitzea, “interesak medio, bide okerretik hasi da” adierazi zuen. Ezker Batuak “PPk Batzorde amaiera arte iristea nahi du, baina norbaitek marra gorri bat jarri dio eta ezin da hortik pasa,” adierazi zuen.
Alderdi Jeltzaleak estrategia politikotzat hartu zuen mozioa. Era berean, mozioaren alde agertu direnak “ilegalitatearen partaide” izan zitezkeela eta jarrera hau “herriaren interesen aurkako” erabakia zela adierazi zuen.
PSEEk alkatearen hitzetan, “nik hau guztia argitzea nahi dut. Eta alderdiak ere, ez dudarik izan, delituak egitea edo hauek ezkutatzea leporatzen baitiote”.
Horregatik, norbaitek Urchueguia andereak delituren bat egin duenaren proba balu, Fiskaltzan denuntzia egin edo Udalean proba aurkeztu dezan eskatu zuen.
Era berean, hurrengo hauteskundeetan alkate aukeratua izango balitz, Ikerketa batzordearekin jarraitzeko konpromisoa hartu zuen.

Pintadak

Honetaz gain, igandean, martxoaren 6an herriko kaleetan agertu ziren Ana Urchueguia eta PSEEren aurkako pintadak ere hizpide izan ziren.
H1! alderdiko Jexux Izetak hauek salatu zituen eta alkateak eskerrak eman zien hauek salatu zituzten alderdiei.
Izan ere, LOHPak komunikabideei bidalitako ohar baten bitartez, Urchueguia anderearen eta PSEEren aurka agertutako pintadak salatu ditu.
Plataformaren ustetan, “gurea bezalako gizarte demokratikoan, non aldarrikapen eskubidea dagoen, horrelako ekintzak egilearen izena belzten dutela. Honek anonimatuaren babesean iraindu eta mindu egiten du beste aldearen defentsa eta erantzun eskubidea eman gabe”.
Eta “zerbait esateko edo aurpegiratzeko duenak, aurpegia emanda egin dezake, Lasarte-Oriako herritarren plataformak egiten duen bezala, bere idatziak sinatu eta horren erantzule eginez,” amaitzen du.
Honetaz gain, udalbatzarra amaitzerakoan oposizioko alderdiek, PP izan ezik, emango dituzten hurrengo pausuak aztertzeko bilera bat egingo dutela jakinarazi zuten.
Era berean, udalbatzarrean jorratu ziren beste gaiak eta alderdien eskaerak eta galderak hurrengo zenbakian argitaratuko ditugu.