Trena Oriara
Honela, Jesus Zaballos alkatearen hitzetan jakin genuen Euskadiko Trenbide sareak Oria auzora Euskotren sarea luzatzeko 250 mila euroko azterketa egin eta proiektua bideragarria dela jakin arazi dutela.
Proiektuan trenbidea lurperatu eta Txartel hotelaren ondoan geltoki bat jartzea aurreikusten da.
"Maiztasun gehiagorekin, 5 minuturo izango dira trenak," adierazi zuen.
Alkateak azaldu zuenez, Eusko Jaurlaritza eta Udalaren artean proiektua gainbegiratzeko batzordea sortuko da eta Udaleko bi ordezkari egongo dira batzorde horretan, Iñaki Mugika eta Lourdes Acevedo.
Igerileku irekia
Honetaz gain, Lasarte-Oriak udaran erabiltzeko igerileku irekia izango duela ere jakin arazi zuen.
Lasarte-Oriako Udala eta Goeigi Gora eremuan eraikiko duten enpresek hitzarmena sinatu dute.
Honen bitartez, 15 urtez hotelaren igerilekuaren erabilera publikoa izango da. Herriko kirol azpiegituren barruan sartuko da eta horregatik, kiroldegiko bazkideek txartela erakutsita sartu ahalko dira bertan eta bazkide ez direnek dagokion sarrera ordaindu beharko dute.
Era berean, kontrol eremu bat ezarriko da hotelean, eta alkateak jakin arazi zuenez, eremu horretako langileak, hoteleko 40 langileak bezala , herritarrak izango dira.
Gainera, bi zatiak ados badaude, hitzarmen honek luzapena izan dezakeela ere jakin arazi zuen.
Honen harira, EAJko zinegotzia den Iradik, batzarrean azaldu zuen, alkateak alde ona jakin arazi zuela, “alde txarra, hotelak orain zortzi pisu izango dituela da”.
Mercero plaza
Bestalde, udalbatzarrean Lasarte-Oriako Bakezko epaile titularra eta ordezkoaren izendapenaren proposamena onartu ziren.
Era berean, Udaletxe berriaren eta Askapenaren parkearen artean sortuko den plaza berriari, Antonio Merceroren izena ematea onartu zen.
Lehenengo puntuak, EBren abstentzioa izan bazuen ere, bigarrenak ia oposizio osoaren abstentzioa izan zuen, PPko ordezkariarena izan ezik.
Dagokion batzordean eztabaidatzeko gaia zela argudiatu zuen Ezker Batuak, baita EAJk ere. Eta azken alderdi honek beste pertsonaia edo toponimia gehiago egon zitekeela aipatu zuen.
Ezker abertzaleak Antonio Mercerok bere ibilbide eta lan eskergarengatik herriaren eskertza egingo den museoan izango duela adierazi zuen eta plazari toponimia azterketako izenen bat jartzea hobeki ikusten zuela aitortu.
Galderak eta eskaerak
Honetaz guztiaz gain, alderdien galdera eta eskaeren txanda izan zen.
Honetan, BOE azken zozketa, 2011 urteko aurrekontua eta finantza plana, aurreko zenbakian argitaratutako Ana Urchueguia eta PSEEren aurkako pintadak, Urchueguia anderea udalbatzarrean ez egotea eta honen zinegotzi karguarekin zer gertatuko den eta diru laguntzen araudiari helegiteak egitearen epea luzatzea izan ziren gaiak.
Etxebizitzen zozketa
Alkateak ezker abertzaleari azaldu zionez, BOEko zozketan eraikuntza enpresek jarritako baldintza izan zen aurreko zozketako zerrenda mantentzea.
Era berean, herritar batek Arartekora gai honi buruzko kexa eraman duela eta honi eskatutako informazio emango zaiola adierazi zuen EAJren galderari erantzunez.
LOHPak eta EAJ bat etorri ziren aurrekontuei buruz galdetzen. 2010eko likidazioa positiboa izanik, 2011ko finantza plana egitea beharrezkoa ez dela eta kontuhartzailea eta arlo desberdinetako teknikariak 2011ko aurrekontuak eta 2012-2014 urteetako finantza plana aurkezteko lanean daudela jakin arazi zuen alkateak.
LOHPak Urchueguia andereari buruz egindako galderei, hari zuzenean galdetzeko adierazi zion.
Bestalde, LOHP eta Ezker abertzaleak diru laguntzen araudiari helegiteak egitearen epea luzatzea eskatu zuten eta epea aste bete gehiago irekia egotea adostu zuten.