Atzegiko arduradunek eurek azpimarratu dute 1960an elkartea sortu zenetik elkartearen mezua aldatzen joan dela, lehen urtetan 1980 urtera arte "gizarteak ez du adimen urritasunaren arazoa ezagutzen, Herri Administrazioak ez dio inolako arretarik eskaintzen eta egoera horretan Atzegik laguntza eskatzen du, "karitatea" ia-ia".
Edozein bezela
Gerora, jadanik 80 eta 90. hamarkadetan, gizartea arazoa ezagutzen hasten da, poliki-poliki elkartasuna eta laguntza eskaintzen die adimen urritasuna duten pertsonei eta hauen familiei eta bestalde agintariek ere dagozkien erantzukizunak bere gain hartuko dituzte pixkanaka. ATZEGIk zera aldarrikatzen du orduan, adimen urriko pertsonek "besteok bezala" bizi nahi dutela.
2000. hamarkadan jada pertsona horiek gizarteko eginkizunetan gero eta gehiago eta modu aktiboagoan parte hartu nahi dute, eta Administrazioa erabat murgiltzen da pertsona horiek gizarteratzeko eginkizunean. "Horretarako, lagunak behar dituzte, laguntzaileak, boluntarioak eta Atzegizaleak, Gipuzkoako bazter guztietan, afektu eta begirunez tratatzeko, behar dutenean orientatzeko, eta dituzten mugetakoren bat gainditzeko unean behar izanez gero, laguntzeko".
Laguntzeko modu ezberdinak daude, laguntzaile, bazkide edo soilik atzegizale izan zaitezke.
Atzegi, 50 urte imajinatzen
Adimen Urritasuna duten Pertsonen Aldeko Gipuzkoako Elkartea, gaur egungo ATZEGI 1960. urtean sortu zen, duela 50 urte alegia.
Une hartan, lehen familia sortzaileak deialdi bat eginez hasi ziren bidea egiten, hain zuzen arazo hau partekatzen zuten familiak biltzeko eta, horrela, seme-alaben etorkizunera begira elkarrekin borroka egiteko.
Atzegiko arduradunek adierazi dutenez, "Adimen urritasuna duten pertsonei laguntzeko zerbitzuei, hezkuntza, lan, egoitza, sorospen, aisia eta tutoretza arloetakoei, dagokienez, Elkartea sortu zutenez geroztik gure lurraldean izandako bilakaera aztertzen badugu, pozik egiaztatu ahal izango dugu iritsitako lorpen eta aurrerapenak oso-oso nabariak izan direla".
Ekintza txiki ugari
Ez da dudarik asko aldatu dela pertsona hauekiko jarrera eta aldaketa horretan izandako babesa eta helburu jakinarekin asmo sendoz egin diren ekintza apal ugari nabarmendu ditu elkarteak: "gipuzkoar guztien laguntza, ahalegin eta elkartasunari esker izan da posible adimen urritasuna duten pertsonen kolektiboarekiko sinpatia eta begirunea".
Kanpainak egiten ziren urtero gizartean kontzientzia sortzeko, eta kanpaina horietan erabili diren kartelak ikusi daitezke hilaren 18ra bitartean Lasarte-Oriako Kultur Etxeko lehen solairuan, gizartearen aldaketaren adierazgarri: "hasieran adimen urritasunaren arazoaren inguruan ezjakintasun, errefus eta ardurarik eza zen; 70-80 urteetan, sinpatia; hurrena 90eko hamarkadan elkartasuna; eta, azkenean, 2000 urtetik aurrera, eskubideei buruzko kontzientzia sendoa. Hori guztia islatzen dute elkartearen historiako kartelek”.
Herritarrak erakusketan
Aipagarri da, Jon Roncero eta Asier Berraondo herritarren argazkiak erabili zirela karteletako bi egiteko. Jon gurasoaren besoetan ageri da duela urte batzuek egindako kartel batean eta Asier, aldiz, ur azpian igerian beste batean.
Kartelen errepasoa, 2010. urteko kartelaren mezuarekin amaitzen da: "Egunen batean ez da kartel hau jarri beharrik izango, imajinatzen duzu?" etorkizun oparoaren abiapuntua, pertsona hauek gizarteko beste pertsonekin harreman normalak eta esaterako lagun koadrila izatea irudikatuz.
Pertsona hauei eta elkarteari laguntzeko modu ezberdinak daude. Iaz, Lasarte Orian, 50 bazkide, 47 laguntzaile eta 101 Atzegizale, ziren.
Kultur Etxeko lehen pisuko erakusketa sarrerako mahaian esku orri batzuek daude Atzegiren laguntzaile egiteko aukera eskaintzen dutenak. www.atzegi.org helbidean ere egin zaitezke atzegizale.