“Lasterketa bat baino gehiago da”

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 14a

Otsailaren 25ean, eguerdian, abiatu ziren Saharako Maratoian parte hartu duten euskaldunak Madril aldera, bertan Tindufeko kanpamentuetara eramango zituen hegazkina hartzeko. Hauen artean zen aurten ere Gorka Lasa herritarra. Maratoian korrika egitera joaten dira, baina gainera bidaia humanitarioa ere bada. Aste betez hango egoera hurbiletik ezagutu dute eta ahal duten neurrian babesa eta laguntza eskaini diete kanpamenduetan baldintza zailetan diren sahararrei.

Gorka Lasa aste bete egon da Argeliako desertuan, Tindufeko Sahararren kanpamentuetan. Batetik Saharako maratoian korrika marka ona egin du eta, bestalde, hirugarren urtez jarraian bere babesa eskaini die bertan diren errefuxiatu sahararrei. Bidai honetan ikusi eta sentitu dituenaz hitz egiteko bildu gara berarekin.

Lehenik eta behin, zer moduz Maratoian?
Ez nik uste bezain ondo. Bidai honetan korrika egitea aitzakia bada ere, ondo prestatu naiz joan baino lehen. Hemen denbora bat egiten duzu, baina gero han saiatu eta ez dut lortzen. 42 kilometro hiru ordu eta erdian egin nahi nuen nik, baina azkenean hamar minutu gehiago egin ditut. Behintzat aurten hobeto sentitu naiz, aurreko urtean porrot eginda amaitu nuen, eta aurten osorik.

Nolako esperientzia da han korrika egitea?
Hemengo eta hango tenperatura eta giroa ezberdinak dira. Gogorra egiten da aldaketa. Lurzorua ere desberdina da, gora-beherak ditu, harriak, hondarra,... hemengo maratoiekin ez dauka zerikusirik.

Zenbagarrena izan zara sailkapenean?
Joan garen euskaldunen artean bigarren geratu naiz, eta orokorrean 17. tokian. Ez dago gaizki kontuan hartuta 126 korrikalari irten eta 120 iritsi zirela. Alde horretatik gustura nago. Nazioarteko maratoi bat izan arren, goi mailako kirolari gutxi joaten da, beraz maila ez da oso altua. Hala ere han egon behar da proba gogor hau egiteko.

Otsailaren 25an irten zineten, zer moduzko bidaia izan zen?
Bidaia oso luze egiten da. Euskal Herritik eguerdian ateratzen zara eta hurrengo egunean, goizeko 6-7ak aldera iristen zara Tindufera. Barajasen hegazkinak bi ordu eta erdiko atzerapena izan zuen eta aireportuan zain egotea oso astuna da.

Non hartu duzu ostatu?
Hiru urtetan joan naiz eta familia berdinaren etxean hartzen dut ostatu, ia etxekoa naiz jada. Elkar ezagutzen dugunez, irrikitan egoten gara elkar ikusteko eta elkarri kontuak esateko. Urtean zehar telefonoz hitz egiten dugu, baina ez da berdina aurrez aurre egotea. Oso esperientzia polita da bertakoak eta maratoian parte hartzen dutenak ezagutzeko. Harreman politak sortzen dira.

Zer nabarmenduko zenuke aurtengo bidaiaz?
Ospitaleak, emakumeek antolatzen dituzten tailerrak eta eskolak ikusi ditugu. Botikak eramaten ditugu, esker honez hartzen dituzte, baina gero ez dakite nola erabili. Poliklinikak eta Gipuzkoako ospitaleak ematen dituzte ondo etorriko zaiela pentsatuz, baina benetan ez dakit. Lotura falta da eta horregatik hango hainbat ospitale eta anbulatorioko kontaktuak ekarri ditut. Ea hurrengo urteetarako harreman hori lotu eta benetan behar dituzten botikak eramaten ditugun.

Bidai honek bi alde ditu, kirola eta laguntza, ezta?
Han ikusten duzunaren arabera badakizu zer falta duten eta zer ez. Hasiera batean esaten dizute jana dela, eta nolabait hori karabanari esker aseta dago. Hara joan nintzenean kableak, guraizeak, sokak, linternak,... behar dituztela konturatu nintzen.
Hala ere, azken urte honetan gauzak aldatzen ari direla konturatu naiz. Kanpamentuetako familia gehienek daukate senitarteko bat kanpoan eta dirua bidaltzen die. Adobezko etxeak kanpotik zementuz edo porlanez babestu dituzte, eta batzuk margotu ere bai.

Independentzia aldarrikatu zutenetik 35. urteurrena ospatzen dute otsailaren 27an...
Aurten igandea izan da. Smarako kanpamentuan ginen, politikariak eta goi karguak joan ziren eta ondoren desfile bat egin zuten, polita, oso koloretsua, ekitaldi politikoaren aurretik. Ikusgarria izaten da eguna.

Zein esperientzia berri ekarri dizu aurtengo bidaiak?
Lehen aipatutako hazkunde ekonomikoa. Honek bi irakurketa merezi dituela uste dut. Batetik, orain dela hiru urte esaten ziguten ez zutela eraikin berri eta handirik sortu nahi, beraien burua hor probisionalki ikusten zutelako. Egun ez dakit gauza aldatu den, horregatik hasi diren euren kanpamentuak txukuntzen, edo hor dauden bitartean ahalik eta erosoen bizi nahi duten.
Bigarren irakurketa zera da, gizarte mailak sortzen ari direla, eta hori ez dut ondo ikusten. Hemendik bidaltzen diren baliabideak berdintsu banatzen dira familien artean, baina kanpoan dituzten senitartekoen bidez jasotakoa ere hor dago. Ezberdintasun handia sortzen ari da, eta hori ez da ona.

Eta politikoki aldaketarik?
Ez da ezer berririk, baina konturatu gara saminduta daudela. Abenduan Aaiungo kanpamentuan gertatu ziren liskarrek nazioarte mailan isla gehiago izango zuela uste zuten. Europako Elkartean Marokoren kontra altxatuko zirela, baina ez zen horrela izan. Aukera polita galdu dela uste dute eta Marokoren inpunitate osoa agerian geratu dela.

Lanean jarraituko al duzu bueltatu eta gero?
Bai, hiru urteren ondoren, gero eta lotuago zaude, gauza gehiagoz enteratzen zara, eta beti daukazu zerbait egiteko eta ahal bada laguntzeko ilusioa.

Iaz ehun lagun joateko erronka jarri zenioten zuen buruari...
Erronka hori beti izango da hor. Gure helburua, azken finean, bertara joan eta Saharako herria benetan nola dagon hemen azaltzea da. Ehun edo behar direnak joanda. Aurten jende gutxi joan da, nire ustez bi arrazoi nagusi direla eta: batetik, krisia, azken finean otsailean aste bete jai hartu eta 900 euro ordaintzea... egoera honetan denentzat ez da posible, eta bestalde, abenduan Mendebaldeko Saharan gertatutako liskarrak mesede gutxi egin dio guzti honi. Konturatu gara jendeak ez dituela bereizten Argelian dauden kanpamentuak eta Mendebaldeko Sahara, zer diren, edo non dauden. Jendeak Sahara entzun eta dena zaku berean sartzen du.