“Bi mila lagun dantzan jarriko ditugu”

jon-altuna 2011ko martxoaren 14a

Hartu nahi dut arnas da datorren igande eguerdian Zubietako plazan dantzatuko den abestiaren leloa. Flash Mob delakoa grabatuko du Zero Zabor elkarteak: Bi mila lagunek elkarrekin dantza egin eta “Erraustegirik ez” jartzeko eskatuko dute, Zubietako proiektua sei urtez atzeratzeko. Mikel Erguin zarauztarrak sortu du Flash Mob erraldoi honen koreografia eta herriz herri ezagutarazten ari da beste lagun batzuekin batera. "Musika ipini orduko dantzarien artean magia sortzen da, zoragarria da" adierazi du dantzariak. Duela aste batzuk, dantza itsasontzi batean egin eta grabatu zuten. Aurreko larunbatean Flish Mob-a dantzatu eta grabatu zuten hainbat lagunek Zumaiako itsas ertzean. Igandean Zubietan grabatuko dute Flash Mob-a.

Mikel Erguin zarauztarrak tango, saltsa eta aretoko beste dantzak egin eta erakusten ditu eta bestalde, mimoa ere bada. Dantza klaseak ematetik ogibidea ateratzea Euskal Herrian zaila dela adierazi digu. Antzerki talde ezberdinetan aritu da mimoa egiten eta "Monstruoa" izeneko lana prestatu dute lagun batek eta biek. Aurreko larunbatean Bergarako gaztetxean eskaini zuten. Baina guk martxoaren 20an Zubietan egingo duten Flash Mob erraldoia zer den azaltzeko eskatu diogu: "jende askok elkarrekin koreografia berdina dantzatzea da Flash Moba: batera altxatzen ditugu eskuak, batera egiten dugu salto, batera joan aurrera eta atzera, giro polit batean elkarrekin dantza egingo dugu. Martxoaren 20an eguerdian ahalik eta jenderik gehiena bildu nahi dugu Zubietako plazan, bi milara iristeko helburua jarri dugu, uste dugu hurbil ibiliko garela eta pasatzen badugu hobe".

Nola sortu zen asmoa?
Zero Zabor taldekoen ideia da, niri dantzaria izanik koreografia muntatuko nuen eskatu zidaten eta horrelaxe egin nuen. Lady Gagaren musikarekin, abestia oso polita da eta "Hartu nahi dut arnas" letra zoragarria dauka, erraustegirik ez jartzeko eta sei urteko atzerapen edo moratoria eskatzeko.

Koreografia zuk asmatu zenuen, beraz?
Bai, Patxo Zarauzko beste dantzari batekin, bion artean egin genuen. Musika eta letra aukeratuak zeudenez, behin eta berriro entzunaz sortu genuen, burura etortzen zitzaizkigun pausuak probatuz. Erraustegiarekin inguratuko gaituen ke beltza aipatzen da letran, eta baita denok batera aurre egin behar diogula ere, eta beraz dantzan eskuak helduta denok batera aurrera egiten dugu. Magia momentua ere badauka, iritsi da, hau da momentua esaten denean.

Nola lotzen da dantza musikarekin?
Bideotxo bat grabatuko dela eta kamara non kokatuko den jakinda saiatu gara esanahia daukaten pausoak sortzen, batez ere, zubietarrei laguntza denon artean, giro onean eta bihotzarekin eskainiko zaiela azalduaz. Zubietarrei eta aldi berean denoi.

Hondakinen eta erraustegiaren gaia, irudikatu nahi izan al duzue dantzan?
Hondakinak baino nahiago izan dugu bizitza, bihotza, sentsibilitatea, maitasuna,... eta horiek adierazi. Hondakinena egin bagenu, tristura gehiago egongo litzateke, beste dantza bat izango litzateke. Nahiago genuen jendea elkartu, alaitu eta ondo pasatzea. Askotan protesta egiten duena galtzen ateratzen da, triste dago, eta kasu honetan giro onean elkartu nahi izan dugu bizitzaren aldeko esanahiarekin.

Entseguak zer moduz doaz?
Zoragarri. Herriz herri ari gara erakusten, herri asko pasa ditugu, deseatzen egoten naiz joan eta jendea ikusteko. Gipuzkoa osotik datoz dantzara, herri batzuetan jende gutxi egon da eta beste batzuetan asko.
Zero Zaborrek zabaldu du asmoa eta taldetxo bat gustura ari gara Gipuzkoa osoan herriz herri dantza erakusten. Gero ikasi dutenak besteei erakusten ari dira eta hori ere oso polita izan da.

Beste zerbait esan nahi?
Martxoaren 20an etortzeko Zubietara. Zoragarria izango da denok dantzan elkarrekin ikustea. 10:30etan egingo dira entseguak ez dakitenek ikasteko eta 13:00-13:30ak inguruan izango da bideoaren grabaketa. Bideo-monitoreak ere jarriko dira dantza begiratuz jarraitzeko.
Koreografia erraza da, bi mila lagunek dantzatu eta ondo pasatu dezaten prestatua baina ikusgarria ere bai. Horretan saiatu gara, ikusgarria izan dadila baina ikasteko erraza. Mundu guztia animatu nahi dugu: aurretik ezer prestatu ez badute ere, lasai joatea daukate, egunean bertan ikasi eta dantzatzeko.