Lehia handia
Oraingoz, azken bi jardunaldiak kontuan izan gabe, Izkiña, ISU Leihoak, Buenetxea, Izarra, Semblante Andaluz eta Ainhoak finaleko lehian sartzeko aukera handiak dituzte.
Finalerako borroka horretako azken bi postuetarako hiru talde daude lehian, Ayete, Naiban eta Epel.
Ligaxkako postuetan egoteko Oria kristaldegia, Viña del Mar, Morrison´s, Lekuona Mena, Illun, IOB H.K. eta Ilargi taldeak gogor lehiatu beharko dira aste hauetan.
Indaux taldea berriz ligaxkako postuetan dago eta Kalaberri Z, Obelix eta Katakras taldeek kontsolazioa jokatuko dute.
Bigarren fasea
Hurrengo fasean, aurreko urteen antzera, hiru txapelketa egingo direla azaldu digute antolatzaileek.
Batetik lehenengo zortzi taldeek maiatzaren 21eko final handiko bidea hartuko dute.
Antolatzaileek azaldu digutenez, “hauek ostiraletan jokatuko dituzte partidak, kiroldegian eta eguneko bi partida izango dira”.
Gauzak honela, martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean final laurdenetako joaneko partidak jokatuko dira eta apirilaren 8 eta 15ean etorriko partidak.
Maiatzaren 6 eta 13an final erdietako, hurrenez hurren, joan eta etorrikoak izango dira.
Sailkapeneko hurrengo zortziek ligiaxka jokatuko dute eta azken lauek, kontsolazioa.
Ligaxkari dagokionez, larunbatetan kiroldegian jokatuko da eta kontsolazioa, berriz, Michelingo kirol gunean.
Antolatzaileek aipatu digutenez, lehenengo faseko sailkapenak ez du eragin handirik eta sorpresak egon daitezkeela iragarri dute. Izan ere, “bigarren fase honetan argi ibili behar da, finalerako bidean sartzen diren taldeek txipa aldatzen dute eta lesionatutako jokalariak berreskuratzen doaz,” aipatu digute.
Kantxarekin arazoak
Honetaz gain, arazo handia dutela azpimarratu digute, areto futboleko kantxaren egoera.
Uraren ondorioz, zorua altxa dela jakin arazi digute.
Gainera, “eguraldiarekin arazo handiak izan ditugu eta hainbat partida atzeratu behar izan dira euri edo lurrun-kondentsazioa dela eta. Partida horiek astean zehar jokatu behar izan dira. Astebururo eguraldiari begira gaude,” adierazi digute.
Gauzak honela, Udalak hurrengo txapelketarako konpontzea espero dutela aipatu digute, “udan egingo dutela uste dugu”.
Eskertza
Era berean, antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete mahai eta epaile lanak egiten egon diren gazteei.
“Pozik gaude laguntzen dutelako eta esfortzua egiten dutelako,” aipatu dute Ostadarreko antolatzaileek.