Gaia eta joko ugari bertso desafioan

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 14a

Lasarte-Oriako bertso eskolako kideak Gipuzkoako Txapelketarako prestatzen ari dira. Horregatik, hainbat bertso desafio bota dizkiete herri desberdinetako bertso eskolei.
Zarautz eta Gabiriaren aurka lan ona egin ostean, oraingoan bertso kontuetan ospe handia duen eskola izan dute aurrean, Azpeitia.
Hirugarren bertso desafioa hau ostirala gauean egin zen, Zabaleta Auzolanek antolatuta auzoko garajean.
Beñat Iguaran, Zigor Iriondo eta Andoni Otamendi izan ziren ostiralean Azpeitiko eskolako Beñat Lizaso, Nekane Zinkunegi eta Eneritz Arzallusi aurre egin zieten Lasarte-Oriako bertso eskolako kideak.
Gai-jartzaile lanetan, beste bi saioen antzera, Imanol Lizardi egon zen.

Binakako lana

Bapo afaldu ostean, agurrekin hasi zen gaua. Eta jakin genuen azpeitiar eta bi errezildarrak borroka gogoekin zetozela.
Binakako lanean, garajea betetzen zuten ikusleen txalo eta algarak sortu zituzten.
Beñat Lizaso eta Zigor Iriondok Gipuzkoako txapelketara bi eskolek bidaltzen dituzten kide kopuruei buruz aritu ziren, Azpeitiak lau eta Lasarte-Oriak zazpi. Buruz buruko honetan “azpeitiar bat hobeago da, zazpi lasartear baino” entzun genuen.
Ostean, Eneritz Arzallusek Zabaletara iritsi eta ikusten duen mutil bati, Beñat Iguaran, gazteleraz galdetzen dio non dagoen bertso desafioko garajea. “Zinta horrekin zuk ere andaluza ez duzu ematen“ edo “nik entzuna nuen, bertsotan ere erderaz egiten zenutela” entzun ziren lan horretan.
Eta azkenik, Andoni Otamendik Somoton zer gertatu den azaldu behar izan zion Nekane Zinkunegiri. “Alkatesa aberastu zen herritarren kontura” edo “okerrena da, egin duela, herritarren bozkekin” esan zituzten lanean.
Ostean, banakako lanetan eta puntuari erantzunez gai desberdinak jorratu zituzten. Inauteriak izan direla eta, mozorrotuak ere bertsotan egin zuten. Eta agurrarekin amaiera eman zitzaion bertso desafio gogorrari.