Azken urtean ekoitzitako euskarazko bederatzi ikus-entzunezko jarriko ditu ikusgai Euskal Herriko 26 herrietan, eta horietako bat Lasarte-Oria izango da.
Gure herrian, martxoaren 24an egongo da filmak ikusteko aukera, gaueko 21:30ean Jalgi kafe-antzokian. Gutxi gora behera ordu beteko saioa izango da.
Berriak eta bide luzekoak
Emanaldi bakoitzean, 2009 eta 2010ean sortutako 9 lan eskainiko dira.
Aurreko edizioetan bezala, honetan ere, ibilbide luzeko egileak eta egile berriak kontuan hartzeko ahalegina egin dute Topagunetik.
Horrela, Asier Altuna eta Angel Aldarondo bezalako zuzendari ezagunen lanak ikusi ahal izango dira, baita oraindik hain ezagunak ez diren Kepa Errasti, Jon Artola, Saio Aizpurua "Txintetilla", Aitor Artola, Irune Gurtubai eta Ibai Vigil-Escalera, zuzendarienak ere.
Gainera, aurreko edizioetan bezala, 2010. urteko urriaren 30etik azaroaren 6ra Ermuan egin zen Kameratoian, Topaguneak antolatutako Ikus-entzunezkoen Rallyan, sortutako hiru lan sartu dira tartean.
Gustu guztientzako
Formatu, estilo eta izaera ezberdineko filmek osatzen dute emanaldia: dokumentala, animaziokoa, sormenekoa, umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak... Laburbira euskarazko produkzioak ezagutzeko aukera paregabea da.
Martxoaren 24an Jalgin
Martxoaren 24an, gaueko 21:30etatik aurrera Maritxu, Artalde, Ondar Ahoak, S@rtaldea, Esku-Titi, Blank Postcards eta Kameratoiaren barruan egindako Biak bat, Barrura Begira eta Nire Bista Faboritoa film laburretaz gozatzeko aukera egongo da Jalgi kafe-antzokian.
Ziurrenik ikusleen sentimenduetan eragingo du film labur hauetako bat baino gehiagok.