Ibarburu igerilaria Euskadiko txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 17a

Buruntzaldea Igeriketa taldeko infantilek, Euskal Herriko neguko txapelketan lehiatu ziren martxoaren 6 eta 7an.
Borja Apeztegia entrenatzaileak azaldu digunez, “oso txukun aritu ziren, ia denentzat lehen aldia zen txapelketa honetan.” Izan ere, taldeko Jone Vasquez, Garazi Alkorta, Mikel Arribillaga, Unai Bueno eta Kevin Iglesiasentzat lehenengo Euskadiko txapelketa izan zen eta “ederki erantzun zuten” .
Honela, guztira, lau domina eskuratu zituzten Buruntzaldea Igeriketa taldeko gaztetxoek, taldeko bi marka eta 10 marka pertsonal ere egin zituzten.

Lau domina

Dominei dagokionez, Iñigo Ibarburuk bi urrezko eta zilarrezko bat eskuratu zituen.
Urrezkoak 100 eta 200 metro tximeleta probetan lortu zituen eta 100 metro libreetan eskuratu zuen bigarren postua.
Entrenatzaileak jakin arazi digunez, 200 tximeletan, nagusi izan zen Iñigo. Bere marka 7 segundutan hobetu zuen eta 3 segundugatik ez zuen Espainiako gutxienekoa lortu.
Gainera, 100 metro libreetako Espainiako gutxienekoa egin zuen berriro ere.
Iñigoz gain, Itsaso Tolosa izan zen domina eskuratu zuen beste igerilaria.
Itsasok 200 bizkar proban podiumeko hirugarren postuan egotea lortu zuen.
Eta 100 tximela proban eta 100 bizkar proban bosgarren izan zen.

Taldeak

Igeriketa taldeko 4x200 libre eta 4x100 estiloetako erreleboetako taldeek marka berriak egin zituzten txapelketan. 4x200 libreetako taldeak Gipuzkoako txapelketan lortutako marka 8 segundutan hobetu zuen eta 4x100 estiloetako taldeak, berriz, segundu erdian.
“Froga indibidualetan parte hartu ez arren, Kevin Iglesiasen laguntza gabe posible izango ez litzatekeena,” azaldu du entrenatzaileak.
Bestalde, 4x100 libreetan “ezin izan zuten erreleboko marka hobetzerik izan baina ez horretan saitu ez zirelako,” adierazi du entrenatzaileak. Izan ere, Iñigo Ibarburuk 50 libreko bere marka hobetzea lortu zuen.

Markak eta postuak

Hau guztiaz gain, gaztetxoek hainbat marka pertsonal hobetu zituzten.
Unai Buenok 200 estilo proban, bere marka 9 segundutan hobetu zuen eta 400 metro libreetan , “sekulakoproba” egin zuen, bere marka 14 segundutan jaitsiz.
Mikel Arribillagak 200 bizkar proban bosgarren amaitu zuen; 100 estiloetan, bere marka 3 segundutan hobetu eta 100 bizkar proban ere. bere marka hobetuz, zortzigarren izan zen
Eta azkenik Garazi Alkortak, 800 libre proban bederatzigarren izan zen; 100 tximeleta proban, zazpigarren eta 200 tximeletan, laugarrena. Azken honetan, entrenatzaileak aipatu duenez, “gutxigatik ez zuen dominarik lortu”.
Gauzak honela, asteburu honetan, Iñigo Ibarburu Sabadellen dago Estatuko txapelketan parte hartzen.