17_Adinekoen bizi kalitatea hobetzen duen hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 17a

Udalerriko adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak hitzarmena sinatu berri du Biyak Bat erretiratuen elkartearekin.
Xede hori aurrera eramateko menpekotasuna eta isolamendua ekiditeko programak egingo dira eta norberaren osasuna eta autonomiaren garapena sustatzeko ekintzak burutuko dira.

Jesus Zaballos alkatearen eta Mertxe Galdos Biyak Bateko lehendakariaren artean hitzartutakoaren arabera, Udalak Kale Nagusiko eraikina uzten dio erretiratuen elkarteari bere ekintzetarako.
Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du 2011ko aurrekontuan batetik altzariak eta ekipamendua erosteko 2.000 euroko gastua baimentzeko, eta bestetik hainbat programa, okupazionalak, kulturalak, kirolekoak, parte-hartzea bultzatzekoak edo berdintasuna sustatzekoak, gauzatzeko 3.000 euroko beste gastu bat egiteko.
Horrez gain, Udalak 3.000 euroko diru-laguntza emango die.

Bulegoen eta instalazioen garbiketa eta makinen eta altzarien konponketa eta mantenua ere Udalak egingo du.
Ura, elektrizitatea, gasa eta telefonoaren gastua ere Udalak hartuko du bere gain.
Bere aldetik, erretiratuen elkartea, bere ekintzen artean, gutxienez, gimnasia, yoga, aerobik, eskulanak, kantua, urrezko ezteietako omenaldia, liburutegia eta mahaiko eta mugimendu jokoak mantentzen saiatuko da, beti ere, boluntario nahikoa edukita.