Hitzaldi sorta honetako lehenengo saioa, asteazkenean eskaini zuen Pilar Seminariok Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan.
“Gurasook ere laguntza behar dugu” izenburuko saioan Seminariok gurasoek haurra hezteko orduan dituzten kezka eta beldurren aurrean zer egin dezaketen azaldu zuen.
Gainera, egon ziren entzuleek ere haien iritzi eta esperientziak azaltzeko aukera izan zuten saio osoan zehar.
Kezkak eta galderak
Lehenik gizakien galderak eta kezkak egin eta izateko beharraren arrazoia azaldu zuen.
“Animaliek eta ugaztunek, gizakiak ezik, haien haurrak hezten dituzte arazorik gabe; gizakiok alde arrazionala dugu eta horrek sortzen dizkigu kezka eta galderak,” aipatu zuen.
Izan ere, gizakietan pentsamendua, senak eta emozioak baino azkarrago garatu direla azaldu zuen.
Era honetara, hiru puntu horiek gizakietan talka egin dezakete bai gure jarrerarekiko baita haurren jarrerarekiko ere eta honela kezkak sortzen dira.
Gainera, gaurko gizartean senak eta emozioak alde batera uzten direla eta horrek haurraren garapen prozesu naturala ez ezagutzea dakarrela aipatu zuen.
Azkenean, hiru puntu horien oreka lortu beharko litzatekeela azpimarratu zuen eta gurasoei laguntza behar dutela onartzea kostatzen zaiela.
Era berean, kultura desberdinek gurasoek eskaini dezaketen hezkuntzan eragina izan dezakeela ere eztabaidatu zuten, hala nola, oihanean.
Informazioa
Honetaz gain, gurasoek eskuratu dezaketen informazioari buruz ere mintzo zen saioan.
Egun, berezkoa genuen informazioa edo informazio naturala galdu dela eta, beste iturri batzuetara jotzen dela aipatu zuen.
Informazio hori ohiturazkoa edo inkontzientean duguna izan daiteke edo gaur egun dauden erantzun azkarra ematen dutenak.
Azken honen bitartez, gurasoek ez dute hausnartzen umeei gertatzen zaiena, arazoari konponbide azkarra ematea bilatzen dute.
Gauzak honela, gizartearen helburuaren araberakoa izan daitekeela ohartarazi zuen irakasleak.
Ohiturazko hezkuntzari dagokionez, psikoanalisiaren eragina handia dela azpimarratu zuen. Haurrei frustrazioak eragitea eta bere onerako gauzak egitea mendekotasunean heztea izan daitekeela adierazi zuen.
Eta ostean, haurrei ezartzen zaizkien murrizketak eta egiten zaizkien eskaerei buruz eztabaidatu zen.
Izaera
Era berean, gurasoen izaerak ere haurraren hezkuntzan ere eragina duela aipatu zuen.
Helduen izaerak haurren izaeraren osatzen garrantzia duela eta haurrei, segurtasuna eta konfiantza adierazi behar dietela azpimarratu zuen.
Hurrengo saioa
Haur eta nerabeen hezkuntzari buruzko hitzaldi sorta honek hilabetero saio bat izango du. Hurrengoa, apirilaren 12an, asteartean izango da eta Fermin Korkostegi "Jostatuz ikastea" gaia jorratuko du.