Lehengoan, artikulu batean alkate jaunak azaldu zigun, luze eta zabal, nolako negoziaketa ahalmen handia duen, Goiegi inguruetan hotel bat egin nahi duen sustatzaileari kendu baitzion igerileku bat lasarteoriatar guztien erabilerarako izatea. Artikuluari fotomuntaketa bat eransten zion, igerilekuaren ondoan 4 solairuko hotel bat ageri zela.
Hara, Zaballos jauna: uste dut egia esan behar zenukeela, egia osorik, ez erdizka (horixe baita, oraingoan, erdizkako egia), bestela gezurraren itxura hartzen baitu. Egunkarian ez zenuen 4 solairuko hotela marraztu behar, baizik 8 solairukoa, eta jarraian aitortu, argi eta garbi, aurreikusita zeuden 4 solairuen ordez, sustatzaileak 8 solairuko hotel bat eraikitzeko eskaera aurkeztu duela. Zuk, Zaballos jauna, esan behar zenuen, gainera, zure bulegoan negoziatu zenuela sustatzailearekin, eta aitortu behar zenuen igerilekuaren erabilera publikoa ordain bat dela, 8 solairu eraikitzeko baimenaren truke.
Ez hori bakarrik: argitu behar zenuen hasierako proiektuaren funtsezko aldaketa hori, baita eraginaren ikerketa ere, azterketa eta alegazio fasean daudela oraindik, alegia, onartu gabe.
Horixe dena esan eta erakutsi behar zenuen, baita azaldu ere herritarrei nola pentsatzen duzun kudeatu daitekeela igerilekuaren erabilera partekatua. Beste guztia, jendea nahasteko eta populismo merkea egiteko gogoa da, hauteskundeetarako bi hilabete ditugunean; eta hori, Zaballos jauna, urrun dago alkate batek nahitaezko duen zuzentasunetik.
Estitxu Alkorta
EAJren eleduna Lasarte-Orian