“Porlanezko mundua eraiki dugu”

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 18a

2000. urtean “Nafarroa: iragana eta geroa”, 2003an “Katearen begiak” eta 2007an “Begirada bat Kubari” argitaratu ondoren, “Lurra, zorua bailitzan” liburuarekin dator Iñaki Petxarroman lasarteoriatarra. Azken lan honetan, Ama lurrak Euskal Herrian sufritu dituen erasoen bilduma egin du, hainbat datu jaso eta irakurleari gogoetarako bidea ireki. Egungo munduak arazo ekologiko handiak ditu eta etorkizunari begira, atzerako bidaia proposatzen du, liburuan Petxarromanek, sistema ekonomikoak bultzatzen gaituen bidearen aurkako norabidea hartzeko, alegia.

Nafarroako historia eta zenbait nafarren istorioak, eta Fidel Castroren ondorengo Kuba, jorratu ondoren ekologiari heldu dio Iñaki Petxarroman idazle eta kazetariak. Kezkatzen duten gaiei buruz idatzi ohi du eta Ama lurrak azken urteotan izan duen galera jaso du "Lurra zorua bailitzan" liburuan.

Zer dakar liburu berriak, ekologiari heldu eta gogoeta bat egin duzu, ezta?
Gogoeta baino gehiago da. Azken finean, bilduma periodistiko bat ere bada, urte askotako datuen pilaketa. Sistema honek leku onera ez garamatzala erakusten du.
Liburuaren sarreran hainbat datu agertzen dira: adibidez 30 urtetan CO2aren isurpena %47a handitu dugu, azpiegitura eta hirigintzaren ondorioz zoru urbanizatua hirukoiztu egin dugu, Europa mailan porlan tasa altuena dugu, Zaborraren kopurua bikoiztu egin dugu 20 urtetan,... Datu hauek ematen dira atzera egiten hasi behar dugula erakusteko. Horixe da liburuaren funtsa.

Datuak eta zure gogoetak uztartu dituzu beraz?
Ama lurraren aurkako erasoak gero eta maizago, gertuago eta sarriago ikusten direnez, aspalditik eta azken urteotan are gehiago, sortu zitzaidan nahikoa dela esateko premia. Daukagun gutxi hori zaindu behar dugula zaintzen duguna baino gehiago.
Gure eskualdea eta gure ingurua nahiko beteta daude. Zubietako gainak suntsitzen hasiko dira, AHTaren lanak hasteko dira Hernani eta Andoainen, Pasaiako superportuaren proiektua hor dago, autobide proiektuak bata bestearen gainean pilatzen dira... erokeriaren itxura duen horri erantzun bat eman nahi nion nik ere eta informazio dezente manejatzen dudanez, bilduma lana egin dut irakurleak ere laburtuta izan dezan, gogoeta bat eskatuz eta gogoetarekin batera aldaketa bat ere bai.

Proiektu handi horien aurrean zer erantzun ematen du gizarteak?
Nik uste, gehien kaltetuak diren sektoreek ematen dutela erantzuna, sentsibilitate handiena dutenek edo tokian kaltea gehien pairatu behar dutenek, baina beti erantzun puntualak dira, ez dago gizartearen erantzun orokor bat.
Kontsumoaren eredu horretan harrapatuta dago gizartea, hazkundearen logikari jarraitzen dion eredu ekonomiko horretan, eta ez daukagu hortik ateratzeko alternatibarik, harrapatuta gaude. Jakinda eredu horrek azken finean natur baliabideen agortzea bultzatzen duela. Hori gertatzean norbaitek erantzun beharko luke.
Itsasoetako arrain kopuruaren adibidea jartzen dut liburuan: desagertuta dago ia Bizkaiko itsasoan, eta gure arrantzaleak beste itsasoetara doaz orain, baina zer gertatuko da han ere bukatzen direnean? Zientzialari eta adituek hori diote. Edo petrolioa bukatzen denean ere, zer? Dena bukatu behar dugu konturatzeko natur baliabideak bukatu egiten direla? Hasi behar dugu gogoeta kontrako zentzuan egiten eta beste norabide batean lanean.

Zein da zuk proposatzen duzun bidea?
Atzera egitea eta zentzu askotan. Gutxiagorekin bizitzea da aldarrikapen bat, gutxiago kontsumitzea, energia gutxiago erabiltzea, azken finean sistema ekonomikoak bultzatzen gaituen bidearen kontrako norabidean joatea. Gero eta gehiago kontsumitzera, gero eta gehiago, azkarrago eta urrutiago mugitzera bultzatzen gaituzte.
Sistema horren logika Barne Produktu Gordina handitzea da eta horretarako dena da baliagarria. Horrek dakar naturari kalte egin eta zigortzea, natur baliabideak agortzea, eta gizartea ez da zoriontsuagoa ikusten, inoiz baino behar handiagoak daude, jendea inoiz baino estresatuago dago, ... ez dut uste eredu oso ona denik. Pentsatzen hasi behar dugu bide honek ez daukala irteera onik eta beste eredu bat behar dugula.

Japonen gertatutakoak leiho bat irekiko al du?
Ez dakit. Kazetariok badakigu gauza hauek nola izaten diren: hasieran izugarrizko hondamendia balitz bezala hartzen ditu jendeak, baina pixkanaka ahazten dira. Lobby nuklearren berrindartze edo loraldia ikusi dugu azken asteotan, petrolioaren bukaeraren aurrean alternatiba berde moduan. Eta orain Japonian gertatu denak izugarrizko zaplaztekoa eman die.
Baina gaur ez dakigu energia nuklearraz aurreko astean baino gehiago. Tragedia bat gertatu da eta beste muturrean jarri.
Irudiaren gizartean gaude, informazioa oso azkar jaso eta ahaztu egiten da. Txernobilekoa orain dela 20 urte gertatu zen eta jada ahaztuta zen.

Garapen iraunkorra posible al da?
Garapen iraunkorra, Nazio Batuen Erakundeak duela 30 urte onartutako txostenean oinarritzen da: gizartearen garapena bideratzen duen sistema, hurrengo belaunaldien mundua kolokan jarri gabe egin behar da, natur baliabideak hondatu eta zapuztu gabe. Argi dago hori ez dela bete.

Lasarte-Oriak jada ez du bere lurrik...
Gure herriak duen arazorik handiena lurra da, ez dauka eta ingurukoa beste udalerriena da. Adibidez, Donostiari dagokion zatian "zementazoa" egingo digute Zubietako plangintzarekin.
Lasarteko agintariei gogoeta bat eskatuko nieke: ea zer herri utzi nahi dioten ondorengoei, ea porlanez betetako herria gustagarria den. Pentsa dezatela zertarako behar diren hainbeste etxebizitza, etxebizitzen kopurua ikaragarria denean.
Egunen batean nekazaritza bultzatu nahi bada ere, ezingo da ez delako lurrik izango.