Adinekoen bizi kalitatea hobetzen duen hitzarmena

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 18a

Udalerriko adinekoen bizi kalitatea hobetzeko asmoz, Lasarte-Oriako Udalak hitzarmena sinatu berri du Biyak Bat erretiratuen elkartearekin.
Xede hori aurrera eramateko menpekotasuna eta isolamendua ekiditeko programak egingo dira eta norberaren osasuna eta autonomiaren garapena sustatzeko ekintzak burutuko dira.

Diru-laguntzak

Jesus Zaballos alkatearen eta Mertxe Galdos Biyak Bateko lehendakariaren artean hitzartutakoaren arabera, Udalak Kale Nagusiko eraikina uzten dio erretiratuen elkarteari bere ekintzetarako.
Gainera, Udalak konpromisoa hartzen du 2011ko aurrekontuan batetik altzariak eta ekipamendua erosteko 2.000 euroko gastua baimentzeko, eta bestetik hainbat programa, okupazionalak, kulturalak, kirolekoak, parte-hartzea bultzatzekoak edo berdintasuna sustatzekoak, gauzatzeko 3.000 euroko beste gastu bat egiteko.
Horrez gain, Udalak 3.000 euroko diru-laguntza emango die.

Baldintzak eta mantenua

Bulegoen eta instalazioen garbiketa eta makinen eta altzarien konponketa eta mantenua ere Udalak egingo du, zerbitzua lagatzen den kasuetan salbu.
Ura, elektrizitatea, gasa eta telefonoaren horniketaren gastua ere Udalak hartuko du bere gain.
Bere aldetik, erretiratuen elkartea, bere ekintzen artean, gutxienez, gimnasia, yoga, aerobik, eskulanak, kantua, urrezko ezteietako omenaldia, liburutegia eta mahaiko eta mugimendu jokoak mantentzen saiatuko da, beti ere, boluntario nahikoa edukita.
Bere zerbitzuen artean, gutxienez, kafetegia, ile-apaindegia eta pedikura mantentzen saiatuko da eta Biyak Batek azken hauen ustiapena lagatzeko aukera izango du.
Azkenik, erretiratuen elkarteak konpromisoa hartzen du, irabazi asmorik gabeko elkartea izanda, bazkide kuota gisa jasotzen duen diru sarrera erabiltzaileei zuzendutako ekintzak egitera bideratzeko.
Gainera, udalerriko festa eta ekitaldietan parte hartzen saiatuko da kaleko ekintzak antolatuz beren presentzia ere nabarmena izateko.