Duela urte batzuk hasi zen Landaberri Eskola antzerkia eta dantza euskaraz egiten, iaz Kukuka izena hartu zuen baina betiko helburu eta filosofiari eutsi dio: "Antzerki eta dantza zaletasuna, ikasleen heziketa pertsonala eta euskara bultzatzea, herriko beste elkarteekin elkarlanean, modu ireki, herrikoi eta gardenean".
Oinarri sendoaren bila
Herriko antzezle eta dantzari amateurrek ez dituzte baldintzarik onenak, Kukukak salatu zuenez, "Aterperik eta biltzeko lekurik ere ez dugunez, nomada ibili behar izaten dugu batetik bestera".
Horregatik, "lana baldintza egokiagotan aurrera eraman ahal izateko", aspaldi eskatu zioten hitzarmen bat Udalari. Iaz txosten bat eraman zuten Udalera bost eskakizun konkreturekin: lokal bat, Kultur Etxearen erabilera, irakasleen prestakuntzarako laguntzak, Antzerki eta Dantzaren herriko programazioan parte hartzea, eta egun jasotzen duen diru-laguntza handitzea. Prentsaren bidez ikusi dute Udal agintariek azken hilabeteotan hainbat hitzarmen sinatu dituztela, baina Jesus Zaballos alkatearekin eta Jone Altuna Kultur Batzordeko buruarekin elkartu badira ere eurek ez dute erantzunik izan.
Diru-laguntzak
Kukukako partaideek eskolako ume, gazte eta helduen bilakaera eta jasotako diru laguntza alderatu zituzten astearteko salaketan: "1.200 euro jaso genituen 2008an, 1.000 euro 2009an, eta 1.014 iaz. Aurtengoa, ikusteke dago. Duela bi ikasturte, 37 talde eta 470 ikasle inguru matrikulatu ziren. Iaz, 46 talde eta 550 ikasle inguru, 13 irakasleren gidaritzapean. Ikasturte honetan, 61 talde, 728 ikasle (660 inguru Lasartekoak) eta 19 irakasle. Beraz, matrikulatutako ikasle bakoitzeko urte osorako jasotako diru-laguntzaren bilakaera ondokoa da: duela bi urte 2,12 euro eta iaz 1,84. Kopuruak ez dira handiak, eta bilakaera kezkagarria. Dena dela, eta inportantea izanik, ez pentsa dirua denik guretzat inportanteena. Udalaren aldetik ondo baloratuak ez izatearen sentipena dugu, eta hori da, beste ezeren gainetik, faltan botatzen duguna. Behar genukeen konplizitatea botatzen dugu faltan”.
Kukukaren ustez, Lasarte-Orian eskolarte eta amateur mailako Antzerki eta Dantza jarduna eredugarria da, "inbidia sanoaz begiratzen gaituzte" eta bide horretan segi nahi dute. Kukukako partaideek aitortu zuten ideia eta proiektu ugari dituztela, ahuldade handiena baliabide eskasia dela baina aurrera begira daudela. "Orain arte lortutakoa sendotu, sakondu eta biderkatzea da gure erronka eta langintza horretan Udala nahiko genuke bidelagun".