Iraila inguruan, Txintxarrin eta beste egunkariren batean ere irakurri nuen batetik Felix Telleriak eta bestetik Erketz Dantza Taldeak, Euskal Dantza eta muxikoak irakasteko ikastaro bat antolatu zutela.
Urte hasieran berriz, Ttakun Elkarteak eta David Egizabalek beste Euskal Dantza eta muxikoen ikastaroa antolatu dutela irakurri dut berriro ere.
Nire iritziz, hobe litzateke denak elkartzea, eta denak batera ikastaro bat antolatuko balute (ikastaro bat edo behar direnak). Talde handi bat osatuz gauzak errazago egin daitezkela uste dut. Alde batetik 10 edo 15eko hiru talde egon beharrean, 50 edo 60ko talde handi bat osatuko litzateke. Irakasleak bata besteari lagunduz erosoago eta posibilitate gehiagorekin egingo lukete lan. Gainera zenbait ekintza antolatzeko (ad.: erromeriak, Euskal Jaiak, Sorgin Dantza, inauteriak...) erraztasun handiagoa izango lukete eta jendetsuagoak izan zitezkeen deialdiak.
Umeen arloan zentzu honetan hasi da lanean Kukuka taldea, non Dantza Garaikidea, Euskal Dantza eta Antzerkia elkartu diren, gainera hainbat elkartek elkarlanean egiten dute lan. Ez da erraza izango agian, baina elkarlana hasita dago, bidean dira, eta gauza politak irten daitezke hortik.
Ni ez naiz Lasarte-Oriakoa, eta ez ditut hemengo lehenagoko gertakizunak ezagutzen, eta behar bada ezjakintasun honek ekartzen dit ez ulertzea.
Herri honetan gauzak egin eta antolatzerakoan sakabanaketa handiak ikusten ditut, bakoitzak berea egiten du eta ahal bada beste inoren laguntzarekin kontatu gabe. Ez dut ulertzen.
Lasarte-Oriara etorri nintzenean bizitzera, gauza bat ikusi nuen garbi, oso zaila dela euskaraz bizitzea, euskal kulturan murgiltzea, azken finean euskal giroan bizi ahal izatea.
Urte batzuk igaro ondoren ikasi dut, zailtasun horietako asko, guk sortu eta handitzen ditugula, guk bakarrik, ez dugula beste inoren laguntzarik behar.
J.R.