Squash Txapelketa gaur hasiko da

Txintxarri Aldizkaria 2011ko martxoaren 21a

Hogei partehartzaile eta helburu bakarra, hots, XXIII. Squash Txapelketako finalean nagusitzea. Horretarako aukera soilik finala jokatzen duten bi jokalariek izango dute, ordea, eta horretarako partida asko irabazi beharko dituzte final handian egon nahi dutenek.
Gaur, kiroldegian, jokatuko dituzte maiatzera bitartean luzatuko den edizio berri honetako lehenengo partidak.

Lehiatzeko sistema

Dagoeneko ohitura bilakatu den txapelketan ez da aldaketarik izango eta antolatzaileek aurreko edizioetako arauak mantendu dituzte.
Hogei partehartzaileak bi multzotan banatu dituzte, bakoitzean hamar.
Multzo bakoitzean guztiek guztien aurka neurtuko dituzte indarrak itzuli bakarrean eta lehen fasearen amaieran multzo bakoitzeko hiru onenek Txapeldunen Faserako sailkapena eskuratuko dute.
Bigarren fase horretan ligaska jokatu ondoren lehenengo bi sailkatuek finalerako txartela lortuko dute. Hirugarren eta laugarrengoak, aldiz, Kontsolazioko finala jokatuko dute.
Gainontzeko hamalau jokalariek, kanporaketa sistemaren bidez jokatuko den kontsolazio fasearekin konformatu beharko dute.

Arauak

Partidak hamabost tantotako bost jokotara izango dira, hiru irabazi behar, beraz, puntuak eskuratzeko. Honen harira, antolatzaileek adierazi digutenez, bigarren fasea jokatu ahal izateko lehenengo faseko partida guztiak jokatzea ezinbesteko baldintza da.
Finalera bitartean, norgehiagokak astean zehar jokatuko dira astelehenetik ostiralera kiroldegiko squash pistan. Egunero bi lehia izango dira jokoan eta 18:00ak eta 20:00ak bitartean jokatuko dira.
Partidaren bat jarritako egun eta orduan jokatzerik ez badago, astebeteko epean jokatzeko ados jarri beharko dira jokalariak antolatzaileek jakinarazi dutenez. Partidaren ordu aldaketa doakoa izango da ezarritako orduaren aurretik egiten bada. Jokalari bakoitzak, gehieznez, hiru ordu aldaketa egin ahalko ditu.

Txapelaren bila

Gogora dezagun, besteak beste, azken bi urteetan finalera iritsi eta txapela eskuratu duten bi kirolariak, Agustin Erkizia eta Alberto Udabe txapelketan parte hartuko dutela.
Gainera, gaur abian jarriko den txapelketako lehen norgehiagoketan biak lehian ikusteko aukera egongo da, Agustin Erkiziak Iñaki Garcia izango du arerio eta Alberto Udabek Veronica Gonzalez izango du aurrez aurre.
Era berean, aipagarria da, hogeita hiru edizioren ondoren, aurten lehenengo aldia dela emakumeek txapelketa honetan parte hartuko dutena.
Haiek arestian aipatutako, Veronica Gonzalez eta Irati Agirre dira eta hauek ere lan egingo dute txapelketan aurrera egiteko.
Izan ere, txapelketa sozial honetako azken partida jokatu nahiko dute partehartzaile guztiek, baina gogor lehiatu beharko dira fase desberdinetan. Urtetik urtera maila handitzen doan squash txapelketa baita herrikoa.