“Idiak kapritxoz hazten ditugu”

Txintxarri Aldizkaria 2011ko mar. 21a, 01:00
Idi dema edo probak egiten dira oraindik Euskal Herriko hainbat tokitan. Martxoaren hasieran Pepenea baserriko Iñaxio Telleriaren idi parea nagusitu zen Aiakoan. Idiek, bi mila kilo inguruko harria mugitzen dute plazaren alde batetik bestera. Jada ez da idirik erabiltzen baserriko lanetan, baina oraindik badira soilik probetarako idiak hazten dituztenak. Pepenea baserrian zazpi idi bikote dituzte oraindik, batzuek gazteak, urte batzuek barru plazan aterako dituztenak. Aitaren zaletasunari eusten diote Iñaxio eta Joxe Antonio Telleriak.
Hainbat idi probetan lortutako manta eta txapelak dira Pepenea baserrikoek duten zaletasun handiaren erakusle. Inaxio Telleriak, jakinarazi zigunez, itzain ere aritzen da besteen idi pareekin eta 80 txapel baino gehiago baditu etxean gordeta.
Martxoaren 4tik 8ra jokatu zen Aiako idi proban nagusitu zen idi pareak, jada 20-25 manta lortu ditu. Iaz besteak beste Deban, Lezon eta Berrizen. Dena den Telleria anaiek jakinarazi digutenez, idiek bizpahiru urte aguantatzen dute gorengo mailan.

Aian irabazita, inguruko idi pare onena daukazuela esan al daiteke?
Oliden oriotarrak ere pare ona dauka, baina bolara honetan bai oso idi onak atera zaizkit.

Eta Euskal Herri mailan zer moduz zabiltzate?
Nahiko ondo. Euskal Herriko sei onenen artean gabiltza.

Garestia al da zaletasuna?
Ondo ibili ezkero, gastutarako adina ateratzen duzu. Hala ere entrenamenduetan orduak sartu behar dituzu, eta hori ez dizu inork ordaintzen. Idi hauek ondo gobernatu behar dira gainera. Normalean lastoa eta belar lehorra jaten dute; baita pentsua, baba, oloa,... eta bitaminak ere bai.

Afizioz egiten duzue, beraz?
Bai. Txikitatik ikusi dugu, jaioz gero. Aita zenak baserriko lanak egiteko erabiltzen zituen eta gero plazan ere bai. Orain traktoreak badauzkagu eta entrenatzeko bakarrik lotzen ditugu etxean. Batzuetan harri gabe ibiltzen ditugu mendian, eta kubierta batekin ere bai, ordu bete inguru 800-1.000 kilorekin, kilo asko ez, lurrean adokinean baino gehiago heltzen du eta. Tarteka joaten gara plazaren batera ere, Usurbil edo Aiara, uztarrian lotuta ikusteko. Aldea dago eta uztarri batean edo bestean lotuta.

Txikitatik hazten al dituzue idiak?
Batzuetan bai. Orain ez da ia idirik hazten eta ez da lehen beste aukera. Zamoran erosi ditut bi, Portugalen ere erosten ditugu eta bi urtetako txekor txikiak ekartzen ditugu Galiziatik.
Galiziako arraza hau berezia da: idiak jada ez dira lanerako erabiltzen, okeletarako beste arraza batzuek denbora berdinarekin doblea pisatzen dute, eta beraz, arraza ez galtzeko Galiziako Diputazioak subentzionatuta dago.

Oraindik ba al da zaletasunik?
Badago bai. Hala ere, Bizkaian Gipuzkoan baino gehiago. Urte guztian daude probak, ligaxka batean bezala proba bakoitzean bost lehenengoek 5, 4, 3, 2 eta puntu bat jasotzen dute. Eta urte bukaeran finalak jokatzen dira. Honelako zazpi liga irabazitakoak gara, aspaldi, beste idi pare batzuekin.

Zenbat kilo darabilte idiek?
1.100 kilotako modalitatean, pisatu eta bi idiek pisu horretan sartu behar dute. 1.100 kilotik pasatzen badira, harri gainean kiloko kilo eta erdiko zama jartzen zaie. Horregatik eramaten ditugu azken egunetan gutxi janda, tripa ondo hustuta eta ondo muskulatuta. Kirolariak bezala. Ura ere kentzen zaie.
Orain libre daudela 650 kilo izango dituzte eta azken egunetan erregimenean jarrita 50-60 kilo galtzen dituzte.
1.800-2.000 kilo inguru erabiltzen dituzte.
Gero pisu librean, zenbat eta idi handiagoa orduan eta hobea da. Mila kiloko idiak ere baziren lehen. Usurbilgo harri handiak 4.000 kilotik gora ditu baina guk ez ditugu eramaten, ia inork ez du nahi. Horrelako proba gutxi dago.

Akuilua erabiltzen al duzue plazan?
Orain ezin da nahi dugun beste erabili. Juezak hiru abisu ematen dizu eta hirugarrenean akuilua kendu

Nabaritzen al dute akuilua?
Bai, idia berez animali alperra da, beraz nabaritzen da entrenamenduan ere. Eman gabe ere bai, pertsona atzean makilarekin ikusita nahikoa da. Tarteka ematen diozu soilik.
Akuiluaren erabilera neurtuta dago, eztena ere ezin da 11 mm baino luzeagoa izan. Oiartzungo alkate batek debekatu zuen duela 30 bat urte, eta puntarik gabekoa erabiltzen zen, baina bizkarrean jotzea okerragoa da, kalte eta min gutxiago egiten du akuiluak.

Apusturik egiten al da egun?
Bat edo beste bai.

Apustu-probarik ez balego, idia desagertu egingo al litzake?
Idi klase hau bai. Baserrian batzuetan entrenatzeagatik ibiltzen ditugu soroan, goldean edo arean. Baina bestela ez dira baserrian behar.